Zipi eta Zape eta kapitainaren irla

Zeta Cinema, Antena 3 Films, MOD Producciones eta Kowalski Films ekoizpen etxeek Zipi eta Zape sagako bigarren lana aurkeztuko dute. Zineuskadi elkartearen eskutik, gainera, Euskal Herriko hainbat zinema aretotan euskaraz izango da ikusgai. Zipi eta Zape bikiak gurasoekin oporretara joango dira. Uharte zoragarri batera helduko dira, eta ekaitz gogor bat tarteko, Pam andre dibertigarriarenean hartuko dute ostatu. Bertan utzitako beste hainbat neska-mutiko daudela jabetuko dira, eta Zipi eta Zaperen gurasoak ustekabean desagertu ostean, haien bila abiatuko dira Pipi, Maqui eta Flequi lagun dituztela.

Le goût des merveilles

Frantziako Proventzan girotutako filma da, ostera, Éric Besnarden komedia erromantikoa. Louisek bakarrik haziko ditu bi semeak, eta familiako negozioa ere aurrera ateratzeko lanetan ariko da. Egun batean, ezezagun bat harrapatuko du autoarekin; oso gizon berezia da, baina Louise liluratuko du, eta bere bizitza aldatzeko gai dela pentsatuko du. Virginie Efira eta Benjamin Lavernhe dira filmeko aktore nagusiak.

Miles Ahead

Miles Davis tronpeta jole eta jazz musikari ezagunaren bizitzari buruzko filma da. Don Cheadle aktore ezaguna kameraren atzean ere jarri da kasu honetan, Miles gorpuzteaz gain, filma bera ere zuzentzeko. Hala, 70eko eta 80ko hamarkadetako AEBtara egingo dugu jauzi; Milesek hainbat urte daramatza eszenatokietatik urrun, eta Rolling Stones aldizkariko kazetari bat haren etxera joango da, laster kaleratuko duen lanaren nondik norakoak ezagutzera. Filmak Milesen nortasun berezia eta iraganeko maitasun harremanaren ondorioak azalduko ditu. Gaur bertan, uztailak 28, eskainiko dute Tabakaleran, Euskadiko Filmategiak atondutako Jazzinema zikloan.

Jason Bourne

Bourne sagako bosgarren filma bihar bertan helduko da gure zinema aretoetara. Oraingoan, baina, Matt Damon aktore nagusiak ekoitzi du Bourne agentearen abenturen inguruko lana. Alicia Vikander, Julia Stiles, Tommy Lee Jones, Vincent Cassel, Ato Essandoh eta Riz Ahmed, besteak beste, aktoreek hartu dute parte proiektuan. Hamabi urte igaro dira Bournek bere azken lan ezkutuak egin zituenetik. Oroimena berreskuratu du, baina oraindik hainbat galdera ditu erantzuteko. Paul Greengrass zinegileak gidatu du filma.

Bad Moms

Jon Lucas eta Scott Moore zinegileen eskutik, asteko komedia estatubatuarra: Bad Moms. Mila Kunis, Kristen Bell eta Kathryn Hahn aktoreak hiru “ama gaiztoren” azaletan sartuko dira. Itxuraz bizimodu perfektua du Amyk (Kunis), baina egoerak gainditu egingo du, eta beste bi lagunekin batera, askatasun, dibertsio eta eromen abentura batean murgilduko da. Bidean, ostera, gurasoen elkarteko zuzendariarekin topo egingo dute.

La mina

Bi urte kartzelan egin ondoren, etxera itzuliko da Jack. Gizon librea da, baina emazte Alma eta seme Raymond berreskuratzeko, gizon berri bat dela erakutsi beharko die. Miguel Ángel Jiménezek zuzendu du beldurrezko filma.

Boye

Gonzalo Boye abokatu, enpresari eta Mongolia aldizkari satirikoaren editore txiletarrari buruzko dokumentala. Boyek azken urteetan Espainian jazotako auzi garrantzitsuenetan hartu du parte, hala nola, 11Mko atentatuetan, 4F kasuan eta Bárcenas kasuan. Nazioarteko hainbat kasu garrantzitsutan ere hartu du parte, hala nola, Edward Snowdenen defentsan, Benjamín Ben-Aliezer Israelgo defentsa ministro ohiaren aurkako kereilan, zein Guantanamoko kartzela dela-eta George Bushen aurka jarritako demandetan.