Solace-Zinea.eus-Kritika-02Zuzendaria: Afonso Poyart

Urtea: 2015

Herrialdea: AEB

FBIko Joe Merriweather eta Katherine Cowles poliziek (Jeffrey Dean Morgan eta Abbie Cornish) Clancy doktorearengana (Anthony Hopkins) joko dute, serie-hiltzaile bat harrapatzeko laguntza eskaini diezaien. Clancy erretiratuta dago bere alaba hil zenetik, baina agenteek beharrezkoa ikusiko dute bere laguntza, dohain harrigarri bat duelako: gertatuko dena aurreikusteko intuizio berezia du.

Serie-hiltzaileen filmek pantaila handia hartu zuten 90eko hamarkadan, baina gutxi batzuek egin zuten aurrera erreferente gisa, gaur egun arte. Arrakasta lortu zuenetako bat, Seven (David Fincher, 1995), oso presente dago Afonso Poyart brasildarraren lanean; zenbait pasartetan, behintzat, film itogarri hura ekarriko digu gogora. Euria, iluntasuna, hilketen arrazoi liberatzaileak… begi-keinua baino harago doa lotura, tramaren oinarrian ere aurki daitekeelako: garrantzitsuena ez da hiltzailea harrapatzeko jokoa, hilketak eta hiltzailearen adimena ulertzea baizik.

Gaztea da Poyart, oraindik ez zen nerabe serie-hiltzaileen beste lan arrakastatsu batek argia ikusi zuenean: The Silence of the Lambs (Jonathan Demme, 1991). Garai horretara eramango gaitu Anthony Hopkinsek, Solace filmean. Doktore baten papera jokatuko du oraingoan ere, eta polizia laguntzeko erabakia hartuko du azkenean. Deja vu? Kasu honetan, ordea, ez du gaiztoarena egingo. Horretarako Colin Farrell dago, gaiztoa dela esan badaiteke, eztabaida hori mahai gainean jarriko baitu zuzendariak, hilketen arrazoiak direla medio.

Aktore dotorea da Farrell, baina esango nuke ez dela egokiena paper honetarako; ez du sinesgarritasunik izango, zuzendariak eraikitako korapiloak gehiegi laguntzen ez diola aitortuta ere. Pelikularen bigarren zatia pasatxo agertuko da, bat batean, baina, hala ere, ez du ezusterik eragingo. Farrellen karta begi-bistan dago filmaren kartel eta aurrerakinean, Hopkinsekin izango duen buruz burukoa saltzeko asmoz. Lehia, bere aldetik, ez da historiara pasako.

Seven eta The Silence of the Lambs erreferentzia gisa hartzeak alderaketen arriskua dakar; eta Solace txiki geratuko da haien ondoan, istorioa behartuegia izateaz gain, tentsio berezirik sortuko ez duelako. Entretenigarria izan daiteke, baina ez dugu gurekin eramango, aipatutako bi film gogoangarri horiek ez bezala. Haietan ere, ikusleek minutu dezente itxaron beharko dituzte hiltzaileei aurpegia jartzeko. Tentsioa nabarmena da ordurako, baina, hara non, une horretatik aurrera goia joko dute istorioek. Solace filmak, berriz, behera egingo du nabarmen, hiltzailearen agerralditik bertatik. Ordura arte ikusitakoak interesa piztuko du, baina garapenak ez du sortutako ikusmina aseko.

Gabezia horrek serie-hiltzaileen beste lan bat ekarri dit gogora, 90eko hamarkadara berriro itzulita: Copycat (Jon Amiel, 1995). Hasiera itxaropentsua du, baina garapena ere etsigarria da. Sigourney Weaverrek Donostia Saria jasoko du aurtengo Zinemaldian, baina bistan da ez dela film hartan egindako lanagatik izango. Bada, Hopkins eta Farrell ere ez ditugu gogoan izango Solace filmagatik.