64. Donostia Zinemaldian ikusgai izango diren filmen zerrenda ezagutzen hasi gara pixkanaka, eta gaur bertan beste hamalau izenbururen berri eman dute antolatzaileek; hain zuzen, Zuzendari Berriak sailean eskainiko dituzten lanak dira. Egileen lehen ala bigarren ekoizpenak dira denak, Alemania, Argentina, Belgika, Txina zein beste hainbat herrialdetatik heldutakoak.
Zinemaren munduko talentu berrien aldeko apustua egiten du Donostia Zinemaldiak Kutxabank-Zuzendari Berriak sailaren bidez. 1976an hasi zen lehen urratsak ematen hasi diren zinegileak babesten, eta 40 urtez, bertatik igaro dira Pedro Almodóvar, Iván Zulueta, Olivier Assayas, Tsai Ming-liang, Danny Boyle, Walter Salles, Nicolas Winding Refn, Lee Daniels, Bong Joon-ho eta beste asko.
Hala, nazioarteko epaimahaia baten erabakiz, aurten lehiatuko diren hamalau proiektuetako bati 50.000 euroko saria emango diete. Zuzendariak eta filmaren Espainiako banatzaileak jasoko dute kopurua, proiektuaren garapen eta banaketan erabiltzeko.
Filmak:
- Anishoara (Alemania-Moldavia). Izen bereko hamabost urteko neska gaztearen haurtzarotik heldutasunerako bidaia kontatuko du Ana-Felicia Scutelnicuren lanak.
- Le ciel flamand (Belgika). Peter Monsaertek gidatutako filmak hiru emakume-belaunaldiren bizitzei egingo die so. Burdel baten egunerokoa aztertuko du lanak, sei urteko Eline neskatoaren ikuspegitik.
- Compte tes blessures (Frantzia). Vincet gaztea piercing-egile lanetan ari da, aitari arrainak saltzen laguntzen dion bitartean. Pixkanaka, baina, zoratzen hasiko da. Morgan Simonek zuzendutako filma.
- Fin de semana (Argentina). Moroco Colmanek urte askoan elkar ikusi ez duten Martin eta Carlaren arteko topaketa pantailaratuko du. Lehenak sexu-harremanak ditu bera baino bi aldiz zaharragoa den gizon batekin, eta horrek Carla haserretuko du.
- Hu xin zheng chang (Something in Blue, Txina). Yunbo Liren filmak hiriko bizimodua irudikatuko du ikuspegi ezberdin batetik. Lau gazteren bidaia.
- In Between (Israel eta Frantzia). Maysaloun Hamoudek Salma, Laila eta Nuren deserosotasuna erakutsiko digu. Tel Aviven bizi diren gazte palestinarrak dira, Israelgo pasaporte dutenak, eta maitasuna topatu nahiko duten arren, ez zaie erraza izango.
- Lumières d’été (Frantzia). Jean-Gabriel Périoten filmean, Akihiro Parisen bizi den japoniar gaztea Hiroshimara itzuliko da bonba atomikotik bizirik atera ziren zenbait lagun elkarrizketatzera, gertaeraren 70. urteurrenean.
- María (y los demás) (Espainia). 35 urteko María da Nely Regueraren filmeko protagonista. Ama hil zitzaienetik, aita eta neba-arrebak zaintzen ditu. Aita bere erizainarekin ezkonduko dela jakiten duenean, hondoa joko du.
- Park (Grezia). Sofia Exarchouk Atenaseko Olinpiar Jokoen osteko hiriaren erretratua egingo du Dimitris, Anna eta haien lagunen bidez.
- Pinamar (Argentina). Miguel eta Pablo anaiek Pinamarrera egingo dute bidaia Federico Godfriden filmean, hil berri den amari azken agurra emateko eta sendiaren apartamentua saltzeko. Bidaiak bien arteko harremanean eragingo du.
- Porto (Portugal, Frantzia eta AEB). Gabe Klingerrek dramak Jake eta Matik Portugaleko Porto hirian biziko duten konexioaz hitz egingo du.
- Vanatoare (Alemania). Alexandra Balteanuk Vanesa, Lidia eta Denisa sexu-langileen bizimodua kontatuko du. Leku berean aritzen dira lanean, eta auzoko poliziak bisitan joango zaizkie. Emakumeek aurre egitea erabakiko dute.
- Yeon-ae-dam (Our Love Story, Hego Korea). Yoon-ju gazteak Arte Ederretako graduondokoa ikasiko du, eta lan txikiak egingo ditu hilabete amaierara heltzeko. Egun batean, Ji-soo izeneko neska batekin egingo du topo bigarren eskuko gauzen denda batean, eta neskarekiko erakarpen berezia sentituko du. Hyun-ju Leek gidatutako filma.
- Yi bai wu shi sui de sheng hijo (One Hundred and Fifty Years of Life, Txina). 90 urteko Han eta urritasun mentala duen 60 urteko semea dira Yu Liuren filmeko protagonistak. Semearen etorkizunak arduratuko du gizona.