2016ko maiatzean Teresa Villaverdek Tabakalera bisitatu zuen, kultura zentroak bere lau film proiektatzen zituela eta. Bertan egindako elkarrizketan bere zinemaren hastapenez hitz egin zuen: zinemagile izateko erabakiaz, adibidez. “Zera esaten nion neure buruari: ‘25 urte bete baino lehen film bat egin behar dut. Bestela zubi batetik egingo dut salto’”.

Haurtzaroan zauritzen gaituzten lehen irudiek, min ematen diguten edo min bihurtuko ditugun irudi horiek, zinemagile baten lanean izan dezaketen ibilbidea azaltzea zaila dela zioen. Eta txikitan Peter Pan marrazki bizidunetako filma ikusten zueneko hunkipenaz aritu zen.

Orain, “urte berdeak” urrun direla, jatorrizko irudi hauen arrastoak bilatu daitezke bere lanean, baita inoiz egin ez zuen jauzi horren gauzatzea pantailan ere. Eta filmak eurak hutsera salto bat ez ote diren galde diezaiokegu.