Sunset Song

Terence Davies zinegile ingeles ezagunaren lan berriak XX. mende hasierako eskoziara eramango gaitu, eta nekazari familia baten egunerokoa azalduko digu Chris alabaren begietatik. Askatasun ametsak, nekazari eskoziarren egoera, emakumearen figura eta beste hainbat gai landu ditu Daviesek margolanak diruditen konposizio ederren bidez. Filma Lewis Grassic Gibbonen eleberri homonimoan oinarrituta dago, eta Daviesek hemezortzi urte behar izan ditu proiektua aurrera ateratzeko. Iazko Donostia Zinemaldian eskaini zuten filma, baita Toronto eta Londresko jaialdietan ere.

The Legend of Tarzan

Tarzanek hainbat urte egin ditu Afrikako basoetatik urrun; John Clayton III Lord Greystokekin eta haren emazte Janekin bizi izan da hainbat urtez. Orain, baina, Kongora joateko gonbidapena egingo diote, parlamentuko merkataritza enbaxadorea izan dadin. Trikimailu bat baino ez da izango, Leon Rom kapitain belgikarrak atondutakoa, baina plana erabat irauliko zaie, eta Tarzanek bereak egingo ditu. Alexander Skargard, Margot Robbie, Christoph Waltz, Samuel L. Jackson eta Djimon Hounsou aktoreek, besteak beste, hartu dute parte Warner etxearen lan berrian. David Yatesek zuzendu du Tarzanen abenturarik zirraragarriena.

Berberian Sound Studio

70eko hamarkadako Italiara eramango gaitu Peter Strickland britainiarraren lan berriak. Beldurra eta intriga uztartuko dituen filmak Berberian Sound Studio izeneko postprodukzio estudioan kokatuko du trama; bertan osatu dituzte hainbat film asaldagarriren soinu bandak. Bada, estudiora joango da Gilderoy soinu ingeniari lotsati britainiarra ere, Santini maisuaren azken gialloa moldatzera. Ustekabean, aktore makur maniatikoz eta burokrazia zentzugabeaz inguratuta ikusiko du bere burua, baita gertaera misteriotsuz ere.

Dark Horse: The Incredible True Story of Dream Alliance

Iazko Sundanceko jaialdian nazioarteko dokumentalen sail ofizialean aurkeztu zuen lana Louise Osmond britainiarrak. Lasterketetako zaldi bat hazi eta entrenatzea erabaki zuen lagun-taldearen benetako historia kontatuko du dokumentalak.

Now You See Me 2

2013ko Now You See Me filmaren bigarren atalak Lau Zaldizkoak izeneko mago-taldearen abentura berria pantailaratuko du. FBIa despistatu eta ikuslego orokorraren miresmena eskuratu zutenetik urtebete igaro denean, emanaldi ikusgarriago eta arriskutsuago bat egiteko asmoa dute orain. Baina etsai berri batekin egingo dute topo, haien asmoa zapuzten ahaleginduko den etsaiarekin, hain zuzen, eta magia amarruez baliatuko da lau lagunak galbidera eramateko. Jon Churen aginduetara jarri dira berriro Mark Ruffalo, Woody Harrelson, Jesse Eisenberg, Dave Franco eta Morgan Freeman, tartean.

La Corrispondenza

2015eko David di Donatello sarietan Gazteriaren Saria eskuratu zuen Giuseppe Tornatore italiarraren dramak. Akziozko telesail eta filmetako eszena arriskutsuak egiten dituen neska gazte bat da filmeko protagonista. Arriskua maite duen pertsona dela dirudi, baina horren ordez, iraganeko gertaera ilun baten erantzule dela sentitzen duelako egiten ditu eszenok. Astrofisikako irakasleak galdutako oreka berreskuratzen lagunduko dio. Jeremy Irons, Olga Kurylenko eta Shauna Macdonaldek hartu dute parte filmean, besteak beste.

Lolo

Frantziatik datorkigun komedia erromantikoa. Violette (Julie Delpy) Frantzia hegoaldera joango da udako oporrak igarotzera, eta bertan Jean-René (Dany Boon) informatikari freakya ezagutuko du. Ustekabean, maitemindu egingo dira. Hala, Jean-René Parisera joango da Violetterekin, eta bertan, emakumearen hemeretzi urteko seme Lolo ezagutuko du (Vincent Lacoste), gizona amarengandik aldentzen ahaleginduko den gaztea. Julie Delpyk berak gidatu du filma.