Gipuzkoako Foru Aldundiak 300.000 euro bideratuko ditu Donostiako Udaleko Kultura sailak Tabakaleran eraiki nahi duen zine eskolara, diputatuen kontseiluak atzo hartutako erabakiaren ondorioz. Proiektua abian jartzeko, Tabakaleraren administrazio kontseiluaren batzorde exekutiboak onespena eman beharko dio egitasmoari irailean egingo duten bileran.

Tabakalera-Zine-eskola-Zinea.eus

Gipuzkoako Foru Aldundiak 300.000 euro bideratuko ditu Tabakalerako lehen solairuan 500 metro koadro izango dituen zine eskolaren aretoak egokitu eta materialez hornitzeko. Dena den, ezertan hasi aurretik, Tabakaleraren administrazio kontseiluak proiektua onartu behar du irailean.

Donostiako Udaleko kultur zinegotzi izandako Denis Itxasok Diario Vascori atzo azaldutakoaren arabera, unibertsitateekin elkarlanean aritzea alboratu, eta printzipioz, bi ildo nagusi lantzen ari dira uneotan: batetik, dozena erdi film ingururen gainean lan egiteko aukera eskainiko duen proiektu-eskola garatuko dute, argazkiari, gidoiari zein zuzendaritzari dagokionean hobekuntzak egin, eta Donostia Zinemaldiko Industry Club atalaren bidez, proiektuok merkaturatzen saiatzeko. Bestetik, 25 lagun ingururentzako eskola egingo dute, eta nagusiki ekoizpen-laguntzetara sarbidea lantzeko aukera eskainiko diete ikasleei. Izan ere, egun banatzailea lortzea funtsezkoa da edozein produkziorentzat.

Proiektuaren indargunea, dena den, Donostia Zinemaldiarekin elkarlana izango dela azpimarratu du Itxasok, baita Tabakaleran dauden gainerako ikus-entzunezko eragileekin landuko dutena ere, hala nola, Euskadiko Filmategiarekin. Aldiz, ez dute unibertsitatearen alorreko irakasleak ekartzea aurreikusten; horren ordez, sektoreko profesionalek emango dituzte saioak.

Printzipioz, proiektua 2017an zehar martxan jartzeko asmoa dute; baina esan bezala, Tabakaleraren oniritzia ezinbestekoa izango da horretarako.