Zuzendariak: Telmo Esnal eta Asier Altuna
Urtea: 2005
Herrialdea: Euskal Herria
Patrizio eta Maria Luisa senar-emazteak (Ramon Agirre eta Elena Irureta), Iñaki semea (Iban Garate) eta Luziano aitona (Pako Sagarzazu). Etxebeste familia osatuko dute laurek, eta udako oporrak etxean igaro beharko dituzte, ezkutatuta, bankuak diru kontuak enbargatuak dituztela jakinarazi eta gero. Marbellara joan ohi dira urtero eguzkiaz gozatzeko, eta herritarrei sinestaraziko diete Andaluziarako bidea berriro hartu dutela, sendiaren ospe eta izen ona mantentzeko helburuarekin. Patrizio alkategai izango da udal hauteskundeetan; beste arrazoi bat euren miseriak ezkutatzeko.
Andoainen proiektatu zuten uztailaren 7an, Aiherran uztailaren 11n, Deustun uztailaren 21ean… Etxebestetarrak pantaila handira itzuli ohi dira udako zinema zikloei esker, sasoi honetan gauzatzen baita hilabetez biziko duten abentura. Hamaika urte igaro dira Telmo Esnalek eta Asier Altunak Aupa Etxebeste! estreinatu zutenetik, eta filmak, oraindik orain, gaurkotasun osoa du. Egia da barreek eta entretenimenduak ez dutela iraungitze datarik, baina egia da ere, gero eta identifikatuagoa sentitu, gero eta freskoagoa izan daitekeela komedia bat. Horregatik, edozein momentuan gustura ikusten den arren, une egokian dator berriro; oporraldi garaian, Euskal Herriko pantailetara eta enegarren hauteskundeen atarian, egoera ekonomiko zailaren testuinguru amaigabea ahaztu gabe.
Itxurakeria. Horixe da filmaren gai nagusia. Edozein eta edozerren gainetik mantendu nahi dute itxura etxebestetarrek. Etxean, pertsianak jaitsita igaroko dute oporraldia, eta gosea eta etsipena pasako dute. Lapurrek (Luis Tosar eta Willy Toledo!) aitonak gordeta duen dirua nola eramango duten ikusiko dute, baina ez dute ezer egingo, ez dira ezkutalekutik irtengo, nahiago baitute euren gezurra mantendu, agerian geratu baino lehen. Hala ere, esperientzia terapia bilakatuko dute, eta lau pertsonaia nagusiek bilakaera oparoa izango dute, “bukatu dira itxurakeriak” esateraino. Aitak egingo du baieztapen hori, ileordeari uko egiterakoan. Hortxe dago inflexio puntua.
Hori bai, bizikidetza gogorra igaroko dute une horretara iritsi arte, aitona eta amaren arteko liskarra lekuko. Luzianok ispilu aurrean ipiniko du Maria Luisa: “Nik ez dut inongo nezesidaderik. Hemen arazoak zuek dituzue. Bizi guztia ederki daramazue besteen kontura, kolpe zorrik jo gabe. Egun guztia dirua alperrik botatzen, besteen aurrean zeozer garela demostratzeko. Zuk duzu kulpa guztia. Ederki berotu zenion burua Patriziori. Sinpatika-sinpatika iritsi zinen, diruaren atzetik. Ta orain? Nondik txupatu ez dagoenean, zer? Orain, zer?”. Hala ere, ikasgaiak ikasgai, Luzianok ere berea du; ez da salbatzailea izango, inolaz ere. Iñaki semeak ere ez du salbatzaile itxurarik, nahiz eta aitonak berak etorkizunaren zama beregain jarri. Susmoa dut politikak erreskatatuko dituela, eta, horrekin batera, hilabeteko oporraldian egindako barne lana ezerezean geratuko dela azkar baino lehen, boterea besarkatu bezain pronto. Hipotesi bat besterik ez da, istorioak ate asko utziko baititu zabalik, etxeko pertsianak igotzen dituzten momentutik.
Bigarren mailako pertsonaien lana goraipatuko nuke, amaitzeko; Iñake Irastorzak egindakoa, kasu. Axun bizilagun kuxkuxeroaren papera bikain irudikatuko du, eta, egunerokoan halako pertsonaiekin gertatu ohi den bezala, honek ez du bilakaerarik izango: han eta hemen ibiliko da kontu kontari, hasieratik bukaera arte. Bejondeiola, etorkizunean ere, itxura guztien arabera alkatearen bizitza jarraitu ahalko baitu zirrikitutik.