J.A. Bayonaren A Monster Calls filma lehiaketaz kanpo aurkeztuko dute 64. Donostia Zinemaldian, eta bertan parte hartu duen Sigourney Weaver aktore estatubatuarra Donostiara etorriko da filma aurkeztera. Hala, 64. edizioko Donostia Saria jasoko du irailaren 21ean.

Patrick Nessen A Monster Calls eleberriak gazteentzako urteko liburu onenaren saria jaso zuen 2011n Erresuma Batuan, eta J.A. Bayona zinegileak pantaila handirako egokitu du filma, Apaches Entertainment, Telecinco Cinema eta Películas La Trini ekoizpen etxeen eskutik. Filma 64. Donostia Zinemaldian eskainiko dute, Sail Ofizialean, baina lehiaketaz kanpo, eta aurkezpenera etorriko da bertan parte hartu duen Sigourney Weaver aktore estatubatuar ospetsua. Berarekin aritu dira, tartean, Felicity Jones, Toby Kebbell eta Liam Neeson aktoreak ere.

Weaver New Yorken jaio zen 1949an. Bere izena Susan Alexandra Weaver da, baina 1963an Sigoruney izena erabiltzen hasi zen F. Scott Fitzgeralden The Great Gatsby (1925) eleberriko pertsonaia bategatik. Stanfordeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta Yaleko Antzerki Eskolan master bat burutu zuen. Antzerkian hasi zen antzezten, eta Ridley Scotten eskutik egin zuen debuta zineman, hain zuzen, bere filmik ezagunenetakoa den Alien (1979) lanean. Oscarretan eta Urrezko Globoetan aktore onenaren saria eskuratzeko proposatu zuten lan horregatik.

Ostean etorri ziren Gorillas in Mist (Michael Apted, 1988), Harrison Ford eta Melanie Griffithekin errodatutako Working Girl (Mike Nichols, 1988), eta Bill Murray eta Dan Aykroydekin batera egin zuen Ghostbusters II (Ivan Reitman, 1989). Oso lan arrakastatsuak izan ziren hirurak, eta newyorktarra Hollywoodeko izarren artean kokatu zuten. Horri esker, Paul Rudnick, Roman Polanski, Ang Lee, Scott Elliott, Dean Parisot, Tim Allen eta James Cameron, besteak beste, zinegileen gidaritzapean egin zuen lan ondorengo urteetan.

Sigouney-Weaver-Zinea.eus-Donostia-Saria

Azken hamarkadan egin dituen filmen artean dira, hala nola, James Cameronen Avatar (2009), John Singletonen Abduction (2011), Rodrigo Cortésen Red Lights (2012), Drew Goddarden The Cabin in the Woods (2012), Amy Heckerlingen Vamps (2012) eta Ridley Scotten Exodus (2013).

Eszenatokiak ere primeran ezagutzen ditu Weaverrek. Askotan aritu da Broadwayn eta handik kanpo, eta teatro zuzendari entzutetsuekin lan egin du, hala nola, A.R. Guneyrekin, Jim Sipmsponekin, Mike Nicholsekin eta Christopher Durangekin.

Donostiara, baina, A Monster Calls aurkeztera etorriko da irailean. Berriki amaitu du, baita ere, Walter Hillen Tomboy, a Revenger’s Tale akziozko thillerraren errodajea, eta udazkenean, James Cameronen aginduetara jarriko da berriro Avatar arrakastatsuaren bigarren eta hirugarren atalak errodatzeko.