Musika eta zinema uztartzen dituen ekimena da Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak aurten bigarrenez antolatu duen Kortxeak & Krispetak zikloa. Hala, zuzeneko emanaldiekin osatu dituzte Martin Ttipia plazako harresian antolatutako dokumentalen proiekzioak. 

Kortxeak-Krispetak-2016-Zinea.eus-02Iragan ostiralean, uztailak 15, Amy Winehouse musikari ezagunari buruzko dokumental polemikoa eskaini zuten Kortxeak & Krispetak zikloko lehen saioan, eta aurretik, Sky Beats talde donostiarrak blues, soul eta jazz estiloetan oinarritutako doinuak funk eta rockarekin fusioan eskaini zituen Falerina lorategian emandako kontzertuan.

Bada, ostiral honetan, uztailak 22, Lekeitioko Sustrajah Band taldearen txanda izango da. 20:00etan hasiko dute emanaldia lorategian bertan, eta ostean, Marley dokumentala eskainiko dute 22:00etan. Historiako musikari ospetsuenetakoa da Bob Marley, reggae musikan aitzindaria, eta legenda jamaikarrak mundu mailako ikono kultural izaten jarraitzen du urteak aurrera. Bada, bere bizitzari eta musikari buruzko dokumentala osatu zuen Kevin Macdonaldek 2012an, eta ostiralean Gasteizko harresian izango da ikusgai.

Sarrera doakoa da lekuak bete arte, eta ikus-entzunezkoak jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte, euskarazko azpitituluekin.  

https://youtu.be/KuIkYtYi4b0