39. Euskal Zine Bilera jaialdia urriaren 16tik 23ra egingo dute, ohi baino lehenago, eta lanak aurkezteko epea hil honen amaieran bukatuko da. Gainera, aurten lehen aldiz, jaialdiaren kartela osatzeko lehiaketa deitu dute antolatzaileek, eta proposamenak bidaltzeko epea ere egun horretan itxiko dute, hau da, uztailaren 31n. Animatu!
Euskal Zine Bileraren 39. edizioko kartela osatzeko, ‘kako’ hitza proposatu dute antolatzaileek. Izan ere, euskara hutsean egiten den munduko zine jaialdi bakarra da honakoa, eta euskal zinegileak zein industriako profesionalak kako batekin “harrapatzen” dituzte, Lekeitiora ekartzeko. Gainera, ikuslegoa erakartzeko kako ere izan nahi du jaialdiak, eta herritarren artean euskarazko zinearen kontsumoa sustatzeko.
Honenbestez, uztailaren 31ra arte izango da zabalik Euskal Zine Bileraren I. Kartel Lehiaketara proposamenak bidaltzeko epea. Irabazleak, bere irudia jaialdiko kartelean ikusteaz gain, 1.000 euroko saria ere jasoko du trukean. Proposamenak bidaltzeko helbidea: zinebilera@zinebilera.com.