Panpin beldurgarriak protagonista hartuta, gaur bertan, uztailak 15, egingo dute Gorefest 2016 Bermeoko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldia herriko Nestor Basterretxea aretoan, 20:30ean. Dena den, 19:00etatik aurrera animazio aktoreek izua zabalduko dute herriko kaleetan.
Jaialdiko ikus-entzuleek ez dute azken unera arte jakingo zein bi film ikusiko dituzten gaur, 20:30etik aurrera, Bermeoko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiaren hamaseigarren edizioan. Aurretik, gainera, tokiko bederatzi film labur eskainiko dituzte.
Spookypheria Productions elkarteak antolatzen duen jaiak terrorearekin, gorearekin, suspentsearekin eta umore onarekin lotuta jardun ohi du, eta emanaldirako sarrera hiru euroren truke eskura daiteke antzokiko leihatilan bertan. Animatu!