Oskar Santosek gidatutako Zipi eta Zape sagako bigarren filma, Zipi eta Zape eta kapitainaren irla, Donostiako Principe zinemetan aurrestreinatuko dute datorren uztailaren 21ean, osteguna, euskaraz. Bertan izango dira zuzendaria bera, eta laneko aktore nagusiak, Teo Planell eta Toni Gomez. Gonbidapenak eskatzeko aukera dago.

Zipi-Zape-euskaraz-zinea.eus

MOD Producciones, Zeta Cinema, Atresmedia Cine eta Kowalski Filmsek ekoitzitako filma uztailaren 29an estreinatuko da zinema aretoetan, baina horren aurretik, uztailaren 21ean, Donostiako Principe zinemetan egingo dute aurrestreinaldia, 18:30ean. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak, Zineuskadik, Donostia ZinemaldiakEZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak eta EiTBk indarrak batu dituzte urteko estreinaldi indartsuenetako bat gurera ekarri eta euskaraz egin dadin.

Errodajea iaz egin zuten, uztailetik irailera, eta besteak beste, Hungariako zein Euskal Herriko lokalizazioak baliatu zituzten horretarako, tartean, Zumaia, Aia, Pasaia eta Donostia. Lehen kapitulu arrakastatsuaren ostean (Espainian, 2013an zineman gehien ikusitako filma izan zen), istorioarekin jarraitu nahi izan dute bigarren atalean, baina pertsonaia berriak ere gehituta.

Hala, Zipi eta Zapek gurasoekin bidaian joango dira bakartutako uharte batera, eta bertan Pam emakume dibertigarria ezagutuko dute. Etxe handi batean bizi da, eta gurasorik gabeko haurrak jasotzen ditu bertan. Araurik gabeko paradisua da. Zipi eta Zaperen gurasoak, baina, desagertu egingo dira gau batean, eta zer gertatu den ikertu beharko dute gazteek, Pipi, Maqui eta Flequiren laguntzaz.

Estreinaldia, euskaraz

Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren bidez, filmaren aurrestreinaldia euskaraz egingo dute hilaren 21ean Donostian. Bertara joateko, gainera, aukera izango dute EiTBren Hiru3 komunitatean izena ematen dutenek. Horretarako epea gaur, uztailak 14, zabalduko dute, eta hilaren 20ra arte luzatuko da. Orduan kaleratuko dute aukeratuen zerrenda.