Zineuskadiren balorazio-batzordearen ekainaren 30eko ebazpenaren arabera, datozen hileetan beste lau film euskarara bikoiztuko ditu elkarteak, hala nola, Mustang (Deniz Gamze Ergüven, 2015), The Little Prince (Mark Osborne, 2015), Storks (Doug Sweetland eta Nicholas Stoller, 2016) eta Ballerina (Éric Warin eta Éric Summer, 2016).
Zineuskadiren Zinema Euskaraz egitasmoak herritarren artean euskarazko zinema kontsumitzeko ohitura sustatzea du helburu, eta horretarako, nagusiki, haur eta gazteentzako filmak euskarara bikoiztu eta zinemetan estreinatzen dituzte, baita zirkuitu alternatiboetan eskaini ere.
Aurtengoan beste lau film euskarara ekartzea ebatzi zuen elkartearen balorazio-batzordeak, horietako bat, publiko helduagoari zuzendutakoa: Deniz Gamze Ergüvenen Mustang film turkiarra. Hain zuzen, herrialdeko ordezkaria izan zen Oskar sarietan, eta lau Cesar sari jaso zituen, baita Europako Zinemaren Sarietako Discovery garaikurra ere, opera prima onenari.
Horrez gain, haurrentzako The Little Prince frantziarra, Storks estatubatuarra eta Ballerina frantziarra animaziozko filmak ere euskara ekarriko dituzte. Lehen biak aurten estreinatuko dira, eta azkena 2017an.