Laida Lertxundiren zinema ezagutzeko aitzakia baliatuta, Euskal Herrian hasi nuen blog honen ibilbidea, segidan Hego Korean eta Indian geldialdiak egiteko. Azken herrialde horretatik gehiegi aldendu gabe, gaurko parada Thailandian egitea gustatuko litzaidake. Orain 46 urte, Bangkok hiri frenetikoak bertako historiako zine zuzendari garrantzitsuenetako bat jaiotzen ikusi baitzuen: Apichatpong Weerasethakul. Medikuen semea, gazteetan Khon Kaen gune lasaira lekualdatu eta arkitektura ikasketak burutu zituen. Baina eraikinak diseinatu beharrean, zinema eta bideo-artea egitea erabaki zuen, obra guztietan nortasun bereizezina erakutsiz.

Apitchatpong-weerasthakul-Zinea-eus-Gaizka-Izagirre-03

Thailandiako erregimen militarrak jazarri egin du Weerasethakul azken urteotan, Gobernuaren bidez bere obrak zentsuratuta ala zuzenean zinema aretoetan estreinatzeko debekuak ezarrita. Txikitako sinesmen sendoetan oinarrituz, lur thailandiarretan grabaturiko istorioak kontatu eta imajinatzen ditu, ondoren pantailan irudikatzeko; bere hizkuntzan, eta Bangkok bezalako hiri erraldoietatik urrun. Estatuak bere herriko jendearekin konektatzea galarazten dionez, nazioarteko ikusleengan aurkitu du babesa, zinema jaialdi garrantzitsuetan eta kritikarien artean, batez ere.

Baina zerk egiten du hain berezi eta bakar? Liberation egunkari frantsesean argitaraturiko elkarrizketa batean honela zioen: “Nire filmetako irudiak denbora luzez geratzen dira itsatsita ikuslearengan. Film bat ez delako soilik buruarekin sentitu behar, gorputz osoarekin baizik. Bihotzarekin”. Gaur egun, pantaila globalak eskatzen duen kontsumo abiaduraren aurrean, ia ezinezkoa da gure garunean denbora luzez itsatsia mantentzen den irudi bat aurkitzea. Zer esan nahi du horrek, zinema geroz eta gutxiago ikusten dugula bihotzarekin? Baliteke, baina Apichatpongen obrak beste galdera sakonago bat planteatzen du: gure koordenatu kulturaletik oso urrun kokatzen diren irudiak, mundu osoan funtziona dezaketela. Alegia, Andaluzian bizi den hemeretzi urteko neska batek ala Islandiako 60 urteko gizon batek, bere garunean aparatu teoriko konplexu bat fabrikatu gabe, Thailandiako oihanean kokatzen den familia-drama bat uler dezakeela. Hori bai, zuzendariaren ezinbesteko hiru baldintzak betetzen baditu: aurreiritzien jaka esekitokian zintzilikatu, zuzendariaren kode propioan murgildu, eta bereziki, ez saiatu bere arau zinematografikoak hausten. Onerako ala txarrerako, lehen hogei minutuetan filmean murgiltzea lortzen ez baduzue, utzi zuzendari ahoskaezin honen obra alde batera, Apichatpongek erakutsi nahi duen hori, lehen minututik arnastu daitekeen erritmo, estetika eta tonu bitxiz osaturiko lurrin bat delako.

Apichatpong-Weerasethakul-Zinea.eus-02

Zuzendari thailandiarra pertsonalki ezagutzen dutenek, bere zinema bezalakoxea dela diote. Alegia, bere izaera film horiei erabat itsatsita dagoela, tenplu eta oihanen artean, Khon Kaenen hazitako ume horren ikuspegi jostalari eta irudimentsua ageri delako. Baina baita, irudiak garraiobide puru bezala ulertzen dituen tipo horren heldutasuna ere. Ikuslea erabat despistatu dezakeen labirinto formal horretatik haratago, egiten dituen filmen arimarekin geratzea da interesgarriena. Bere herrialdearekiko eta biztanleekiko dituen kezka eta askatasun irrika sendo horiek, irudien bidez transmititu nahi dituenean sortzen den konexio ikusezin hori, hain zuzen ere.  Ez, kasu honetan ezinezkoa da zinema pertsonarengandik banatzea, biak izaki bakar bat osatzen baitute, bilduma liluragarri bat. Nortasun horri esker, gure garaiko erreferente nagusietako bat bilakatu duten arte.

Tarkovsky zine zuzendariak zioen, “denboraren presioa plano bakoitzean ageri dela”. Alegia, irudi zinematografikoa bere barnean baino ez dela existitzen. Zinema garaikidean, planoa, laguntzarik behar ez duen kontzeptu batean bilakatu da; Apichatpongen  lan gehienak ikusi ostean, uste horiek bere filmetan itsasten dituela uste dut, surrealismoaren printzak etengabe ageri diren bitartean.

Ezinbesteko lanak

Zinema mota oso esperimentala egiten hasi zen, eta tarteka hainbat film labur zuzendu ditu, baina bereziki, azken urteetako ezinbesteko hainbat filmen egilea delako da ezaguna Apichatpong. Loraldi oso azkarra izan zuen, eta dagoeneko zinema garaikideko klasiko bihurtu da, nazioarteko hainbat zinema jaialditan sari potoloak lortuta. Ondorengoak dira, nire ustez, zinegilearen ezinbesteko lanak:

2000, Mysterious Object at Noon (83 minutu)

Errealitatea eta fikzioa uztartzen dituen dokumental esperimentala. Gai konkreturik edo gidoirik gabea, lan-taldea Thailandiako txoko ugaritan barrena ibili zen, ume bati eta haren irakasleari buruzko kontakizuna azaltzeko. 2000. urtean Rotterdameko zinemaldian aurkeztu zuen filma Apitchatpongek, eta hasieratik argi utzi zuen, jatorriarekiko askatasun osoz jokatzen duela istorioak kontatzeko garaian. Pertsonaien ahozko kontakizunen bidez, edo paisaia exotikoen nahiz eguneroko egoeren bidez, berezko unibertso bat sortzea lortu zuen, suaren inguruko ipuinen erako filma eginez. “Gorpu guztiz finaren*” jokoa erabiliz, pertsonaia bakoitzak kontakizunaren zati bat asmatuko du. Errealitatearen eta ametsaren arteko muga, ohikoaren eta surrealista denaren artekoa. Zuri-beltzeko fabula oniriko bat, eta batez ere, objektu filmiko misteriotsu bat.

'Mysterious Object at Noon'

‘Mysterious Object at Noon’

2004, Tropical Malady (118 minutu)

2004ko Cannesko zinema jaialdian epaimahairen saria eskuratu zuen. Bi zatitan banatutako filma zuzendariaren obra adierazgarrienetakoa da, ziurrenik. Lehen zatian, bikote homosexual baten maitasun istorioa kontatuko digu. Bigarrenean, Thailandiako kondairetan murgilduko gaitu. Mendebaldar bihurtu den thailandia bat ezagutuko dugu. Bideo-jokoen eta rock musikaren zalea bilakatuko da, tokiko erlijioa eta kondairak superstizio edo azaleko kultura gisa mantenduko dituen bitartean. Beste atalean, ordea, sentitzeko eta bizitzeko irudiak eskainiko dizkigu.

Baina Apichatpongek ez du zati bat bestearen aurrean gailenduko, eta hori da, nire ustez, filma bikaina bihurtzen duena. Alegia, ikuslearen esku utziko du zein alderditan geratu. Ala besterik gabe, bietatik ikasi, norberak nahi dituen ondorioak ateratzeko.

'Tropical Malady'

‘Tropical Malady’

2006, Syndromes and a Century (105 minutu)

Zuzendariaren gurasoen benetako maitasun istorioan oinarrituko filma. Argumentua irakurrita, zerbait konbentzionala esperoko dugu, lineala, sinplea, ulergarria. Eta zuzendaria Apichatpong Weerasethakul izango ez balitz, halaxe litzateke, ziur. Baina ez, horretarako beste zuzendari batzuengana jo beharko duzue, onerako ala txarrerako, erradikaltasun eta abangoardia filmikoek, arrisku gehien hartzen dituen zuzendari garaikidea bilakatu baitute thailandiarra.

Syndromes-and-a-Century-Zinea.eus-Gaizka-Izagirre

‘Syndromes and a Century’

2010, Uncle Boonmee Who Can Recall His Past Lives (113 minutu)

Cannesen Urrezko Palmorria, Sitgesen kritikaren saria, Oscar sarietan Thailandiako urteko zinegintzaren ordezkaritza, eta Independent Spirit Awards sarietan atzerriko film onenaren saria eskuratu zituen 2010ean.

Hitzez azaldu ezin daitezkeen sentsazioen pudding modukoa. Zuzendariaren nire film gustukoena da. Iraganeko bizitzetan izandako pertsonen izpirituen bidez, gizon baten oroitzapenen istorioan murgilduko gara. Lan honekin, argi utzi zuen Thailandian ohikoa dela mamuengan sinestea. Sailkaezina da, lasaia, hipnotikoa… eta isiltasun uneek, elkarrizketek adina pisu dute filmean. Zuzendari askok erabiliko duten etorkizuneko zinema mota izan liteke. Garaikidea, basatia, erradikala, liluragarria eta, neurri batean, probokatzailea. Eta batez ere, esploratu gabeko isileko lurralde horietan murgilduko dena. Gorrotatu ala maitatu, bide zinematografiko berrien baitan kokatu den obra.

'Uncle Boonmee'

‘Uncle Boonmee Who Can Recall His Past Lives’

2015, Cemetery of Splendour  (122 minutu)

Mamuei buruzko beste lan bat. Eskualdeko ospitale batean gertatuko da dena, soldadu talde bat gaixotasun arraro bat gainditzen saiatzen ari den garaian. Abiapuntu horretatik, baina, thailandiarraren mugarik gabeko irudimena zabalduko da: hildakoak eta biziak elkarrekin biziko dira exotismoz eta misterioz betetako kontakizun honetan. Cannesko zinema jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatutako filma Tabakaleran eskaini zuten estatuko aurrestreinaldi moduan.

'Cementery of Splendour'

‘Cementery of Splendour’

Gainerako sarreretan esan dizuedan bezala, argudio sendoenak, film horien muinean ageri dira. Kasu honetan, ikusteko zailak diren obrak topatuko dituzue. Batzuk, agian, jasanezinak irudituko zaizkizue; besteak, aldiz, magikoak, deskribaezinak. Orain arte luzatu dizuedan gomendio “gogorrena” izan liteke, baina baita desberdinena ere. Hori bai, alderdi batean zein bestean kokatu, epel utziko ez zaituzten tipoa dela argi izan behar duzue. Lan horietako asko, zergatik maitatu ala gorrotatu dituzuen argi izango ez duzuen arren. Badakizue, beraz: Apichatpong Weerasethakul ahoskatzen ikasteko unea iritsi da, eta batez ere, bere lana ezagutzen hastekoa.

*Gorpu guztiz fin (cadavre exquis, frantsesez) XX. mendeko hasieran abangoardiek, bereziki surrealistek], modan jarri zuten hitz-jokoa da. Horren bidez irudi literario batetik beste asko atera daitezke. Antza, jokoa garaiko mahai-jolas ezagun batean oinarritu zen. Hitz-jokoa taldeka egiten da: partaide bakoitzak paper batean gustuko zerbait idazten du eta aldamenekoari pasa baino lehen, idatzitako gehiena ezkutatzen du; amaieran sortutako konposizioa gorpu guztiz fina zen. Jokoak aldaera asko ditu: norberak utz dezake esaldi amaiera bistan hurrengoak jarraitzeko; edota gauza bera marrazkien bidez egin daiteke.