UD-HA egitarauaren baitan, zinema emanaldi bereziak egingo dituzte Tabakalerako terrazan uztail eta abuztuko ostiraletan. Kanpoko zinema inauguratu zuten iragan ostiralean, uztailak 8, eta abuztuaren 26ra bitarte, Azken oihua! zikloa eskainiko dute 22:00etatik aurrera izarren azpian.
Tangerreko zinematekako lanen eskaintzarekin zabaldu du Donostiako Tabakalerako udako zinema. Hain zuzen, Yto Barrada zinematekako zuzendariaren aholkuari jarraiki aukeratutako filmak eman zituzten iragan ostiraletik igandera, uztailaren 8tik 10era, eta ostiral honetan, uztailak 15, 1969 eta 1970 artean Iván Zuluetak RTVEn aurkeztu zuen Azken oihua programan oinarritutako zikloa abiatuko dute. Marrazki eta soinudun musika magazine kulturala zen Azken oihua, eta bertan eskainitako hainbat film ekarriko dituzte Donostiara uztail eta abuztuko ostiraletan.
Film musikatuak dira guztiak, eta musikalen generoa gustuko dutenentzako aukera paregabea izango da honakoa. Egitarau zehatza:
- Uztailaren 22an, Jonnhie Toren Office (2015) filma 22:00etan.
- Uztailaren 29an, Gaël Lépingle frantziarraren Une jolie vallée (2015) komedia musikala 22:00etan.
- Abuztuaren 5ean, Brian de Palmaren Phantom of Paradise (1974) opera, fantasia, terrore gotikoa, oihuak eta rocka uztartzen dituen kultuko filma, 22:00etan.
- Abuztuaren 12an, Albert Magnoliren Purple rain (1984) klasikoa, 22:00etan. Princen figuran oinarritutako musikala.
- Abuztuaren 19an, aldiz, bideoklipen borroka egingo dute 22:00etatik aurrera. Hala, norberak nahi duen bideoklipa aukeratu eta ordenagailu eramangarrian jartzeko aukera izango du, ikus-entzuleen gozamenerako.
- Abuztuaren 26an, azkenik, Fernando Truebaren Mientras el cuerpo aguante (1982) eskainiko dute, 22:00etatik aurrera. Chicho Sánchez Ferlosio abeslari eta filosofoaren bizitzari buruzko dokumentala.
Sarrera doakoa izango da, leku guztiak bete arte.