Sangailé

Sundanceko jaialdian zuzendari onenaren saria jaso zuen Alanté Kavaïté lituaniarrak Sangailé filmagatik. Lanak hamazazpi urteko Sangailé gaztearen (Julija Steponaityte) eta Austeren (Aiste Dirziute) arteko maitasun harremana izango du ardatz, lehenari bere ezkutuko pasioa, akrobaziako hegazkinak gidatzea, gauzatzen lagunduko baitio bigarrenak. Frantzia, Herbehereak eta Lituania artean ekoitzitako drama erromantikoa, irudi poetikoak eta istorio ederra indargunetzat dituena.

https://youtu.be/bSgvGgYykyE

The BFG

Cannesko zinema jaialdiko Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo, estreinatu dute aurten Steven Spielbergen berriena, Roald Dahl idazle ezagunaren ipuinean oinarritutako The BFG filma. Ingalaterrako Erregina eta BFG izeneko erraldoi zintzoa lagun, erraldoi gaiztoen inbasioari aurre egingo dien neskatilaren istorioa kontatuko du Disney etxeak ekoitzitako lanak, eta besteak beste, Mark Rylance, Ruby Barnhill, Penelope Wilton, Jemaine Clement eta Rebecca Hall aktoreek hartu dute parte efektu bereziz jositako proiektuan.

Viva

Jesús bere nortasuna aurkitu nahian ari den hemezortzi urteko gaztea da. La Habanako kabaret batean egiten du lan ileordeak konpontzen, eta auzoko ile-apaindegian emakumeak orrazten ditu. Bere ametsa kabaretean aritzea da, kantuan. Baina egun batean hiltzat eman zuten aita etorriko zaio etxera, eta elkarren arteko harremana berreskuratzen ahaleginduko da. Horrek are zailagoa egingo du Jesúsen ametsa egikaritzea. Homosexualitateari buruzko drama irlandarra Paddy Breathnachek gidatu du, eta Héctor Medina eta Jorge Perugorria aktoreek antzeztu dituzte pertsonaia nagusiak.

Sutak

Mirlan Abdykalykoven lanak Kirgizistango mendietan bizi den familia nomada baten egunerokora hurbilduko gaitu: agure ehiztaria, emaztea, zendutako semearen emazte ohi Shaiyr eta zazpi urteko iloba. Inguruko biztanle bakarrak dira, Ermek meteorologoaz gain, haren meteorologia-etxea oso hurbil baitute. Eta gizonak Shaiyrekin duen harremanaz beldur da amandrea, harekin eramango duen beldur.

Central Intelligence

AEBtatik, halaber, komedia eta akzioa batzen dituen asteko proposamena datorkigu, Rawson Marshall Thurberen Central Intelligence. Dwayne ‘The Rock’ Johnson eta Kevin Hart aktoreek antzeztutako pertsonaiak elkarrekin ibili ziren institutuan. Lehena jazarri egiten zuten gaztetan; bigarrena, ostera, gelako mutil maitatua zen. 20 urte geroago, baina, egoera ikaragarri aldatu da bientzat: lehena CIAko agente zitala da, eta bigarrena bere lanarekin aspertuta dagoen kontularia. Ia ohartu gabe, kasu garrantzitsu batean laguntzeko nahastuko du agenteak kontalariari, eta tiroketa, traizio, espioi, etab.ez inguratuta ikusiko du bere burua gajoak. Barre algarak ziurtatua daude.

Neige et les arbres magiques

Etxeko txikienek ere izango dute zer ikusi ostiraletik aurrera: Antoine Lanciaux, Sophie Roze eta Benoît Chieuxek zuzendutako Neige et les arbres maguiques animaziozko filma. Lau istorio laburrez osatutako lan luzea da. Horietako batean, Prune protagonista eskolako ibilaldira joango da ikasturtea amaitu aurreko egunean; baina elur-ekaitz izugarria eroriko da herrian, eta planak aldatu egingo dira.

Todo saldrá bien

Jesús Poncek zuzendutako familia giroko drama da Todo saldrá bien. Isabel eta Mercedes ahizpen arteko tirabirak kontatuko ditu filmak, lehena herrira itzuliko baita ama gaixoaren azken egunak igarotzera. Elkarrekiko zeloak, gaitzespenak eta tentsioak azalera aterako dira.