Gaur lerro hauetatik omenalditxo bat egin nahi diet azpitituluak.com atariari, Luistxo Fernandez webgunearen kudeatzaileari, eta baita gainerako kolaboratzaileei ere. Izan ere, webgune horrek betetzen du, era amateur batean, euskaldunon komunitateak orain arte betetzen jakin ez duen oinarrizko hutsune bat. Azken horretaz lehengo post batean jardun nuen arren, aipa dezadan Europako Batasunak egindako ikerketa bat, zeinak frogatzen baitu azpitituluak eta hizkuntzak ikastea elkarri lotuta daudela. Ea, ba, gure gobernatzaileek —eta denok— behingoz begiak irekitzen ditugun kontu honetan.
Gorazarre xume hau neure film gurenetako bat oroituz egin nahi dut: American Beauty. Euskarazko azpitituluak Aintzane Muguruzaren eskuzabaltasunari zor dizkiogu. Ikustaldi ederra opa dizuet denoi.
Pelikulan AEBtako familia baten erretratua egiten da berrogeiko krisian sartu berri den aita baten ikusgunetik. Film biribila da alde guztietatik baina, ororen gainetik, gidoia gailentzen da. Alan Ballek antzerki baterako idatzi zuen hasieran, baina laster zinemarako egokitzea erabaki zuen. Gidoia Dreamworks ekoiztetxeak erosi zion geroago (250.000 dolar ordainduta!) eta Sam Mendes telebistako errealizadorea hautatu zuten zuzen zezan.
Dreamworks aurka izan arren, Mendesek oso argi izan zuen protagonistaren rolerako (orduan) ezezagun samarra zen Kevin Spacey nahi zuela. Eta erabat asmatu zuela esan behar, aktoreak interpretazio itzela egin baitzuen oroimen kolektiboan betiko gelditu dena. American Beautyn gure gizarte-eredua maiseatzen da —eredu amerikarra baita nagusi gurean ere bai—umore txit inteligente batez; eta ziur aski, azken horretan datza film honen balio handienetako bat.
Bilbeak hainbat gai tratatzen ditu, bestak beste, aitatasuna, ezkontza, sexuen rol ezberdinak, itxurakeria… Sam Mendesek esan zuen gidoia irakurtzen zuen bakoitzean filmaren gaia are beste bat zela iruditzen zitzaiola. Eta arrazoi zuen, izan ere, amets amerikarra lokamuts bihurtu zait-edo da film honen funtsa; eta gai horrek askotarako ematen du zalantzarik gabe.
Ospetsu bihurtu da filmaren hasierako sekuentzia. Bertan Lester protagonistak bere burua eta familia aurkeztu eta gero, eguneko momenturik gorena dutxan kanpaia jotzen duen tartea izango dela aitortzen digu; handik aurrera, denak beheraka egingo baitu halabeharrez. Sekuentzia zeharo oroigarria da filmaren aldartea zein izango den maisuki aurreratzen digulako.
Dagoeneko 17 urte pasa dira estreinalditik, eta ikusi ez duenak lehen baino berandu ikusi beharko luke, batez ere gaztea izanez gero. Izan ere, onerako nahiz txarrerako, filmean deskribatzen den gizartea estreinatu zen garaian baino are presenteago dugulako oraintxe. Bestalde, filma ikusita daukagunok ere atzera ikusi beharko genuke; batetik maisu-lanek hala eskatzen dutelako beti; eta bestetik, han-hemenka sakabanatuta dauden harribitxiez eta xehetasunez berriro gozatu ahal izateko. Azkenik, aski famatua —eta filmeko giltzarri— den beste eszena batekin utziko zaituztet. Bizitzari begiratzeko dauden molde ezberdinez-edo ari da. Ikusi: