Donostia Zinemaldiarekin eta Heineken Jazzaldiarekin elkarlanean, Euskadiko Filmategiak Jazzinema zikloa egingo du uztailean Tabakaleran. Ostegunetan izango dira emanaldiak, 19:00etan, eta tartean, Bruce Weberren Let’s get lost (1988) eta Robert Budreauren Born to be Blue (2015) eskainiko dituzte, Chet Baker tronpeta-joleari buruz.

51. Heineken Jazzaldia uztailaren 20tik 25era egingo dute Donostian, eta abagunea baliatuta, Euskadiko Filmategiak ere Jazzinema zikloa antolatu du, jazza oinarri duten filmak Tabakalerako pantaila handira ekarrita. Uztaileko ostegunetan egingo dituzte emanaldiak, 19:00etan, eta sarrerak 3,5 euroren truke eskuratu ahal izango dira.

Jazzinema-Zinea.eus

Zikloak, halaber, bi estreinaldi ekarriko ditu: batetik, Robert Budreauk iaz aurkeztu zuen Born to be Blue filma, Chet Baker 60ko hamarkadako tronpeta-joleari buruzkoa. Miguel Martinek egingo du aurkezpena, eta lana jatorriko bertsioan eskainiko dute. Bigarren estreinaldia Don Cheadleren Miles Ahead (2015) izango da, hilaren 28an eskainiko duten dokumentala. Miles Davis musikariaren bizitzako pasarte ilunak kontatuko ditu lanak.

Egitarau osoa:

  • Uztailaren 7an, Bruce Weberren Let’s Get Lost (1988). Chet Baker tronpeta-joleari buruzko dokumentala. Lau elementu nagusi ditu lanak: Bakerren figura bera, haren musika, eta bere bi pasioak, autoak eta emakumeak.
  • Uztailaren 14an, Robert Budreauren Born to be Blue (2015). Baker tronpleta-joleari buruzkoa, baita ere, baina bere buruari buruzko filma errodatu zuen garaia kontatuko du oraingoan.
  • Uztailaren 21ean, Louis Mallen Ascenseur pour L’Echafaud (1957). Julien Tavernier paraxutista ohiak eta nagusi Simon Caralaren emazte Florence Caralak ezkutuko maitasun harreman bat dute; sekretua gordetzeaz aspertuko dira, eta Simon erahiltzea erabakiko dute. Baina plana ez zaie ongi aterako, eta Tavernier eraikineko igogailuan harrapatuta geratuko da.
  • Uztailaren 28an, Don Cheadleren Miles Ahead (2015). 70eko hamarkadako azken urteetan, musika ibilbide zoragarri baten erdian, Miles Davis jazz musikaria desagertu egin zen. Harrituta, haren etxera joan zen Dave Braden musika-kazetaria, eta Davisi azken konposizioa lapurtu dion pertsonaren bila abiatu ziren biak. Hala, Davisen bizitzako alderdi ilunenak azaleratuko ditu filmak.