Ulrike Ottinger (Konstantza, 1942) artista, zinegile eta argazkilari alemaniarrari eskainiko dio uztaileko Fokua zikloa Donostiako Tabakalerak. Egilearen hainbat filmen emanaldiak eta Sra. Polaroiskak kolektiboko lagunekin solasaldia, besteak beste, egingo dituzte datozen egunetan.

70eko hamarkadako identitate, politika eta kultura nazionala berdefinitu zituen Zine Aleman Berria mugimenduko izen nagusietako bat da Ulrike Ottingerrena. Sexualitatea, gorputza eta musika erabili zituen bere zinemagintzan, eta bere ibilbidean zehar egindako 24 lanek garapen nabarmen bat izan dute. Bere azken lana, Chamissos Schatten, 720 minutuko dokumentala da, eta Berlingo zinemaldian aurkeztu zuen. Lau ataletan banatutako filmak Ottingerrek Alaskatik Chukotkara (Errusia) egindako bidaia kontatuko du, besteak beste.

Ulrike-Ottinger-Tabakalera-Zinea.eus

Bada, zinegile exotiko honengan eta haren lanengan jarriko du arreta uztailean Tabakalerak, Sergio Oksman, Charles Burnett eta Martín Rejtman, besteak beste, zinegileen filmografia aztertu ostean, eta igandean, uztailak 3, hasiko du zikloa Johanna d’Arc of Mongolia (1989) filmarekin. Transiberianoan topo egingo duten lau emakumeren bidaia kontatuko du filmak, fikziotik dokumentalera, piktorikotik soiltasunera, antropologikotik eraikuntza modernora, etengabe jauzi eginez.

Ottinger bera hilaren 16an, larunbata, izango da Tabakalerako Z aretoan, eta 18:00etatik aurrera, Sra. Polaroiska kolektiboko Alaitz Arenaza eta María Ibarretxerekin solasean ariko da. Euskadiko Filmategiak eta Donostia 2016k antolatutako Zinema Solasaldiak egitasmoaren baitako topaketa-sortan kokatzen da saioa.

Gainera, Chamissos Schatten lanaren lau atalak izango dira ikusgai ondorengo egunetan:

  • Lehen kapitulua, uztailaren 16an, larunbata, 20:00etan, solasaldiaren ostean
  • Bigarren kapitulua, uztailaren 17an, igandea, 19:00etan
  • Hirugarren kapitulua, uztailaren 23an, larunbata, 19:00etan
  • Laugarren kapitulua, uztailaren 24an, 19:00etan

Sarrerak 3,5 euroren truke eskuratu ahal izango dira, edo 8 euro ordaindu daitezke lau kapituluak ikusteko.