The-Conjuring-2-Aritz-Sorzabal-Zinea.eusZuzendaria: James Wan

Urtea: 2016

Herrialdea: AEB

Elizak laguntza eskatuko dio Ed eta Lorraine Warreni, Enfielden, Londres iparraldean, gertatzen ari den Poltergeist kasu bat egiazta dezaten. Emakume bat bere lau seme-alabekin bizi da bertan, eta familiaeren etxean hartuko du ostatu bikoteak, ustezko gertakari paranormalak aztertzeko.

“Benetako gertaeretan oinarrituta” aurkezten dizkiguten filmekin beti izan dut zalantza bera: istoriotik zer den benetakoa eta zer fikzioa. The Conjuring 2: The Enfield Poltergeist lanean muga bereiztea zaila egingo zaio ikusleari, James Wanek berak zuzendutako The Conjuring (The Warren Files) pelikulan bezala (honen jarraipena da orain estreinatutakoa). Horrenbestez, esperientziarekin gozatu eta etekin guztia atera nahi izanez gero, eztabaida hori alboratu eta gomendio bat luzatuko nuke: sinetsi. Warrendarrek behintzat hala egingo dute, Enfieldeko gertakari paranormalen atzean iruzurraren mamua presente egon arren. Hala ere, fedea izango dute kaltetutako familiarekiko, eta ikus-entzunezko dokumentu mordoa bilduko dute. Horietako batzuk amaierako kreditu tituluekin batera erakutsiko ditu zuzendari malaysiarrak, fikzioa errealitatearekin parekatu eta aldea uste baino txikiagoa dela erakusteko asmoz. Ez digu etxera lasai joaten utziko, ez.

Ikusleak sinetsi dezan erronka du Wanek, iraganeko mamuak astintzeko edo; Saw arrakastatsuak ekarritako gehiegikeria komertzialak, bereziki. Jakin badaki, sinetsiz gero, beldurgarriagoa izan daitekeela emaitza, eta horregatik ekarri ditu bueltan Patrick Wilson eta Vera Farmiga, Warren senar-emazteen papera errepika dezaten. Zertarako aldatu, emaitza eman badu. Bi aktore horien neurrira egindako istorioa dela esango nuke, naturaltasun handiarekin ariko baitira, ikara adierazteko orduan ez ezik, euren erlazio idilikoa irudikatzeko garaian ere. Beste mundutik etor daitezkeen mehatxuei sinesgarritasuna ematearekin ez da konformatzen Wan, maitasuna bizitza osorako izan daitekeela ere sinestarazi nahi du, Enfieldeko gurasobakarreko familia tesi horretatik urruti egon arren. Fikzioa eta errealitatea berriro aurrez aurre?

Filmaren hasiera indartsua da. Aurreko lanean bezala, sarrera moduko bat proposatuko dio ikusleari, eta, aldi berean, begi-keinu bat egingo dio The Amityville Horror filmari (Stuart Rosenberg, 1979), hurrengo bi orduetan etorriko denaren aurrekari. Hala, lehen eszena bizkorraren ostean, AEBtik Ingalaterrara egingo du jauzia ikusleak, eta une horretan etorriko da arnasa hartzeko momentu bakarra; The Clash taldearen London calling abesti mitikoaren erritmoei esker, besteak beste. Proposamen honek helburu zehatz bat du, istorioa denboran kokatzea, baina eskertzekoa da bidaia egiteko erabilitako ez ohiko formula lasaigarria, beldurrezko film bati dagokionean.

Hortik aurrera, Poltergeist kasuan bete-betean murgiltzeko ordua iritsiko da, eta halakoetan ohikoak diren eszenak errepikatuko dira. Ezagunak egingo zaizkigu, ez dute ezer berririk ekarriko, baina, sinetsiz gero, arrastoa utziko dute. Hor dago balio erantsia. Kenkaria, ordea, egon ere badago: palomita jaleen topagune bilakatu ohi dira film hauek. Ba al dago psikofonia aztoragarriagorik?