Haurrek gizarteko rolak beste begirada batekin ikusten dituzte, eta batzuetan rol horiek apurtzen dituzte beren ekintzekin. Izan ere, genero rolak oso markatuta daude gure gizartean, eta horiek apurtzeak arazoak ekartzen ditu askotan. Neskaz janzten diren mutilak gaizki ikusiak daude, eta mutilez janzten diren neskei “marimutil” deitzen zaie. Céline Sciamma zuzendari frantsesak haur baten errealitatera gerturatuko gaitu Tomboy (2013) filmean, eta horren inguruan idatzi nahi dut gaur, sexu askatasunaren aldeko nazioarteko egunean.

Filmeko protagonista Michäel da, etxez aldatu berri den haurra. Ama haurdun dago, eta ohean egon behar da mugitu gabe; hala, arrebarekin jolastuko du batzuetan, baina auzoko gainerako haurrak ere ezagutu nahiko ditu. Haien aurrean Michäel izango da, eta udako egunak primeran igaroko ditu beraiekin. Bere gorputzak mutil batena dirudi, eta gustuko arropa janzten du mutil bat dela irudikatzeko. Egun batean, baina, etxetik gertu dagoen laku batean bainatzera gonbidatuko dute lagunek, eta etxean duen neskentzako bainujantzia moztuko du haiekin joateko. Ia inork ez du bere sekretua jakingo.

Tomboy-Amaia-Garcia-Zinea.eus-02

Aldiz, arreba Jeanne da bere konplizea. Jeannek gustuko du Michäel bere lagunekin eramaten eta babesten duelako. Jeanneri berdin zaio ahizpa bat ala neba bat duen. Etxean, ordea, Michäel Laure izango da, gurasoek jarritako izenari erantzunez. Filmaren hasieran amak Laure deituko dio, eta ikuslea harritu egingo da, gazteak mutil itxura duelako beti.

Tomboy-Amaia-Garcia-Zinea

Genero rolak oso agerikoak dira film honetan. Michäelen lagunen artean neska bat dago, Lisa. Neska denez, eta ustez, futbolean kaskarra delako, ezingo du besteekin jolastu. Hala, Lisak neskei egokitutako papera halabeharrez hartuko du taldean. Baina, Lisak Michäel du gustuko, eta Michäelek Lisa, eta bien arteko harremana oso polita izango da, elkar oso ondo ulertzen dutelako.

Tomboy-Amaia-Garcia-Zinea.eus-01

Filmaren amaiera, baina, sinestezina izango da. Ia ordubetez istorio polit bat ikusi ostean, Michäelen ama alabak kalean duen izenaz eta jarreraz jabetuko da, eta helduek sentitzen duten lotsa agerian jarriko da, haurra ezarritako genero rolak betetzera behartuz. Ondorioz, Michäel Laure bihurtu beharko da, eta lagunen aurrean soineko batekin azalduko da.

Filmak 2011ko Berlinale jaialdian Teddy Bear saria irabazi zuen, eta atzerriko prentsak oso kritika positiboak egin zituen. Genero rolak eta norberaren sexualitatea nola garatzen den erakutsiko digu istorio eder baten bidez.