Urriaren 29tik azaroaren 4ra luzatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean XXI. mendeko zine japoniarra izango da protagonista nagusia, jaialdiko kartelak berak iragartzen duen legez. Horrez gain, Misterioaren Itsasargia argazki erakusketa egingo dute Donostia 2016rekin elkarlanean. Jaialdira lanak aurkezteko epea uztailaren 5etik irailaren 5era zabalduko dute.

Zine japoniarrak leku berezia izan du beti Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean. Orain arte Japoniar fantasiazko eta beldurrezko zinema eta Japoniar animaziozko zinema argitalpenak kaleratu ditu jaialdiak, 2001ean eta 2008an, hurrenez hurren, eta zinegile japoniar entzutetsuak igaro dira Antzoki Zaharretik, hala nola, Takashi Miike, Shinya Tsukamoto, Sion Sono, Kiyoshi Kurosawa, Hideo Nakata eta Takashi Shimizu, besteak beste.

Bada, 27. edizioan ere XXI. mendeko zine japoniarra eskainiko dute, eta azken 15 urteetan ekoitzitako film fantastiko ezagunenak ekarriko dituzte Donostiara, baita B serieko lanak ere. EU-Japan Fest Fundazioaren babesari esker ondu dute programazioa, eta emanaldiak ez ezik, zinegile ezagunekin topaketak eta liburu-bilduma baten argitalpena ere aurreikusi dituzte antolatzaileek, gaur bertan egin duten agerraldian iragarri dutenez.

Jaialdira lanak aurkezteko epea uztailaren 5ean zabalduko dute, asteartea, eta irailaren 5era bitarte izango da zabalik. Film labur zein luzeak aurkezteko aukera dago, ondoren ikusleek zein epaimahaiak kategoria bakoitzeko garaileak erabakiko baititu.

Fantasiazko-Beldurrezko-Zinemaren-Astea-ZineaKartela eta Misterioaren Itsasargia

Edizio honetako kartelak ere tematika berari eutsi dio, noski, eta Óscar Reyes aktorea samurai gisa ageri da Pedro Usabiagaren argazkian.

Horrez gain, eta Donostia 2016ren Elkarrizketak ildoarekin elkarlanean, Misterioaren Itsasargia izeneko erakusketa jarriko dute urriaren 29tik azaroaren 13ra Donostiako Alde Zaharreko Kriptan. Bertan parte hartzeko, argazki misteriotsu bat egin eta Twitterren argitaratu behar da, #misterio2016 traola erabiliz. Irudi ikusgarrienak bildu eta Misterioaren Horman jarriko dituzte jaialdiak irauten duen bitartean.