Zuzendaria: Manuela Burlo Moreno
Urtea: 2016
Herrialdea: Espainia
Istorio desberdinak kontatuko ditu Rumbos filmak, hiri handi bateko goizaldean gertatuko direnak, ordu eta erdi eskasean. Bi auto, taxi bat, kamio bat, anbulantzia bat eta autobus bat izango dira eszenatokiak, eta gaueko irrati programa batek gidatuko ditu protagonistak, bizitzan zein norabide hartu erabakitzeko garaian.
Karra Elejalde, Fernando Albizu, Carmen Machi, Ernesto Alterio, Pilar Lopez de Ayala… lehen mailako aktore espainiarrak elkartu ditu Manuela Burlo Morenok bere bigarren film luzean, eta zerrenda horrek ikusmina sortu du; komedia eta drama uztartzen dituzten lanen jarraitzaileen artean, batik bat. Istorioak, baina, aurreikusteko modukoak dira eta elkarrizketak ere ez dira punta puntakoak, salbuespenak salbuespen.
Gehiago espero nuen, baina aitortu behar dut, pelikularen lehen minutuetan aspertzeko zorian egon eta gero, gutxiago ere espero nuela. Hortaz, ez hotz eta ez bero; ez gazi eta ez gozo. Eta, halakoetan, jakina da ondorioa: zinema aretoan izan nintzela ere ahaztuta nuen biharamunean.
Hori bai, behetik gora egiten du pelikulak, sabaia ukitzetik urruti geratu arren, eta, tarteka bada ere, esaldi biribilak eskaintzen ditu. Horien artean dago filmaren aurrerakinean azaltzen den galdera-erantzuna. “Zer hartzen duzu horren zoriontsu izateko?”, galdetu dio erizainak anbulantziako gidariari. “Erabakiak”, erantzun dio honek. Amua irentsita, filma ikusteko hautua egin dute askok; nik neuk, barne. Zoriontsu, ordea, ez naiz zoriontsuago sentitu filma amaitu ondoren.
Pertsonaiei naturaltasuna falta zaie une askotan, eta hori da, zalantzarik gabe, pelikularen hutsunerik nabarmenena. Pedro taxista da adibiderik garbiena. Karra Elejaldek eman beharko lioke bizitza, eta bizitza da, hain zuzen ere, pertsonaiak ez duena; eta ez zuzendariak horrela izatea aurreikusi duelako, Pedro antzeztuegia dagoelako baizik. Lan honek aktore arrunta bilakatu du Elejalde, bere jardunean aparta izan arren. Lan egokia aukeratzen ez denean gertatu ohi dira halakoak.
Julia Oterok ahotsa jarri dio irratiko gaueko esatariari. Bada, aurkezle lanetan nahikoa eskarmentu duen arren, honek ere ez du sinesgarritasunik.
Gainontzeko aktoreek hobeto dihardute, baina aparteko erakustaldirik gabe. Pelikulari baiezkoa emateko arrazoiari buruz eztabaida irekiko bagenu, esku artean gauza hobeagorik ez ote zuten ustea defendatuko nuke. Ez litzateke harritzekoa izango, sektorea nola dagoen ikusita.
Hala ere, argi izpi bat badago gau bakarti eta ilunean. Carmen Machi nabarmenduko nuke guztien artean, alde handiarekin. Bigarren mailako pertsonaiak egitera ohituta dago, eta oraingoan ere ondo bete du bere lana. Hala, ez da kasualitatea berea eta kamioi gidariaren artekoa istorio hunkigarriena izatea.
Ikuslea harrapatzeko helburuarekin osatu du filma Manuela Burlo Morenok, pertsonaiekin batera bidaia dezan. Emaitza, ordea, xede horretatik urruti geratu da, zuzendaria istorioen arteko lotura egiten saiatu den arren. Azken honetan ere ez du asmatu. Korapilatsuegia, hiriburuko saihesbide eta errepideak bezainbeste.