22:15ean abiatu ohi den ETB1eko Zinez saioan azken hiru urteetan ekoitzitako zazpi euskal film labur eskainiko dituzte gaur, ekainak 20. Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen (2014), Asier Altunaren Zela trovke (2013), eta Koldo Almandozen Hubert le Blonen azken hegaldia (2015) lanak izango dira ikusgai, besteak beste.
Azken urteetan Kimuak katalogoak izan diren bost lan, Ander Iriarteren Otsoko, eta Urko Villasanteren Hor dago lanak eskainiko dituzte gaur 22:15ean ETB1eko Zinez saioan. Hala, film laburrei eskainitako saioa izango da gaurkoa, datorren astean Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak elkarrekin zuzendutako lehen film luzearen txanda izango baita: 2010eko 80 egunean.
Film laburrek, ordea, tarte gutxi izan ohi dute zinema areto eta telebistan, Euskal Herrian egiten diren lanek urtero-urtero goi mailako jaialdietan parte hartzen badute eta sariak eskuratzen badituzte ere. Hala, gaur, ekainak 18, ondorengo lanak izango dira ikusgai:
- Zarautzen erosi zuen (Aitor Arregi, 2014). Nagore Aranburu, Ainere Tolosa eta Gotzon Sanchez aktoreek hartu dute parte filmean, eta Lekeitioko Zine Bileran zein Zinebin saritu zuten lana.
- Otsoko (Ander Iriarte, 2014). XVIII. mendean, aita batek semeari otsoak ehizatzeko ohitura erakutsi nahiko dio.
- Don Miguel (Kote Camacho, 2014). Animazioa eta fikzioa uztartzen dituen rotoskopia teknikaren bidez osatutako filma.
- Zela Trovke (Asier Altuna, 2013). Holland Baroque Societyn biolina jotzen duen Maite Larburuk hilketei buruzko herri kantaren inguruan hitz egingo du.
- Soroa (Asier Altuna, 2014). Jorge Oteizaren olerki baten moldaketa librea.
- Hor dago (Urko Villasante, 2014). Mikel mutiko bereziari buruzko filma.
- Hubert le Blonen azken hegaldia (Koldo Almandoz, 2014). XX. mende hasierako artxiboko irudiak eta animazioa uztartzen dituen collagea. Donostian aireratu zen Hubert le Blon pilotuari buruz.