Les Cowboys

Thomas Bidegain zinegile mauletarraren country giroko drama dakar, Les Cowboys izenekoa. Frantzia ekialdean, AEBtako mendebaldeko cowboyen antzera bizi den komunitatean, 16 urteko neska gazte bat desagertuko da. Gurasoak eta anaia gaztea erabat kolpatuko ditu albisteak, eta hala, neskatoaren aita Alainek hura bilatzea izango du helburu, Kid seme gaztea lagun. Leku beldurgarri eta ilunetan barrena abiatuko dira gaztearen bila, Kid gazteari haurtzaroa lapurtuko dion bidaian. Filma opera prima onenaren kategorian proposatu zuten iazko Cesar sari frantsesetan.

The Conjuring 2: The Enfield Poltergeist

The Conjuring (The Warren Files) 2013ko film arrakastatsuaren bigarren atala aurkeztu du James Wan zinegile malaysiarrak. Lehen atal hura gertaera errealetan oinarrituta zegoen, eta fenomeno paranormalak ikertzen dituen Ed eta Lorraine Warren bikotea Rhode Islandgo etxe sorgindura joan zen, kasua ikertzera. Oraingoan, bada, Londresa lekualdatuko dira, izpiritu txarrez jositako etxean bizi diren ama eta lau seme-alabei laguntzera.

Kóblic

Argentinatik helduko zaigu ostera Sebastián Borenszteinen lan berria: Kóblic. 70eko eta 80ko hamarkadako Argentinan girotutako istorioa kontatuko digu. Tomás Kóblic (Ricardo Darín) Argentinako armadako kapitain ohia da; “vuelos de la muerte” ezizenarekin ezagunak ziren hegaldietan parte hartu ohi zuen, hau da, atxilotu eta desagertutako herritarrak Rio de la Plata ibaira jaurtitzen zituzten hegaldietan. Helena Koloniara joatea erabakiko du, non Velarde komisarioak (Oscar Martínez) agintzen duen. Espainia eta Argentinaren artean ekoitzitako thrillerra, iragan apirilean Malagako zinemaldian eskaini zutena.

Das finstere Tal

XIX. mendearen erdian, negua hasi baino lehenago, atzerritar bat helduko da zaldiz Alpe austriarretako herrixka batera. Greider du izena, argazki kamera bat dakar, eta Ameriketatik dator. Familia leinu batek mendean hartuta duen egurgile-herria hankaz gora jarriko du, eta odol eta heriotzaz bustitako ekaitza leherraraziko du. 2014ko Europar Zinemaren Sarietan ekoizpen-diseinu eta jantziteria onenaren sariak eskuratu zituen Andreas Prochaska austriarraren lanak.

Min lilla syster (My Skinny Sister)

Torontoko zinema jaialdian aurkeztu zuten Sanna Lenken suediarrak familiari eta elikadura-nahasteei buruzko drama gogorra. Filmeko protagonista Stella da, nerabezarora sartzear den neskatoa. Katja ahizpa ikaragarri miresten du, baina elikadura-nahastea duela jakingo du, eta ixkanaka, familia hautsiko du gaitzak.

The Legend of Barney Thomson

Barney Thomson Glasgowko ile-apaindegi bateko bizargin lotsati eta traketsa da. Ama zorrotzarekin bizi da, eta bizimodu arrunt bezain grisa darama. Egun batean, baina, ile-apaindegiko buruak lanetik botako duela iragarriko dio, bere jarrera eta lan egiteko modu kaskarra tarteko. Eta une horretan, nahi gabe, gizona hilko du. Hala, serieko hiltzaile baten kasua ikertzen ari diren poliziek hilketen egiletzat hartuko dute, eta amaren laguntzaz, gorpua ezkutatu beharko du, ur handiagotan sartu aurretik. Robert Carlyle, Ray Winstone eta Emma Thompson, tartean, buru dituen komedia beltza Edinburgoko jaialdian aurkeztu zuen iaz Robert Carlylek berak.

Zoran, il mio nipote scemo

2013ko Donatello sari italiarretan proposatua izan zen komedia italiarra, Matteo Oleottoren eskutik. Paolo emaztea berreskuratu nahi duen mozkorti lodikotea da. Urrutiko izeba esloveniarraren heriotza dela-eta, 15 urteko Zoran iloba ekarri beharko du etxera, autismoa duen gaztea. Paolok ez du jakingo zer egin gogaikarri zaion ilobarekin, dardo-jokoan bikain moldatzen dela ikusiko duen arte. Hala, Glasgown egingo duten Munduko Dardo Txapelketara eraman nahiko du iloba, 60.000 euroko saria eskuratu asmoz.

Entre amis

Laguntasunari buruzko komedia. Richard, Gilles eta Philippe gaztaroko lagunak eta haien bikotekideak Korsikara abiatuko dira alokatutako itsasontzian. Baina elkarbizitza ez da erraza izango, bereziki, bikote bakoitzak barne arazoak dituelako, eta pixkanaka, barre eta aitorpen artean, kexa eta zeloak azaleratuko direlako. Olivier Boraux komedian espezializatutako zinegilearen lan berriena.

Belles familles

Jean-Paul Rappeneauk gidatutako familiari buruzko drama. Jerome Varenne Shanghain bizi den finantza-gizon frantziarra da. Negozio bidaia egingo du Parisera, eta Ambray herriko familia-etxea salgai dagoela jakingo du. Harrituta, etxera joatea erabakiko du, familiaren asmoaren arrazoiak ezagutzeko, eta bisitak bizitza aldatuko dio. Mathieu Amalric, Guillaume de Tonquedec, Nicole Garcia, Gilles Lellouche eta André Dussollier, besteak beste, aktore frantziar ezagunak daude proiektuan.

As Mil e Uma Noites: Volume 3, O Encantado

Azken bi asteetan lehen eta bigarren atalak estreinatu ostean, Miguel Gomes portugaldarraren As Mil e Uma Noites trilogiaren hirugarren eta azken atala helduko da bihar gure zinema aretoetara. Portugalek bizi duen krisi egoeran oinarritutako fikzioa eta dokumentala uztartzen dituzten istorio laburrez osatutako lana da, nazioartean kritika onak jaso dituena.

Teenage Mutant Ninja Turtles: Out of the Shadows

Ninja Dortoken kapitulu berria, zientzia fikzioa eta akzioa uztartzen dituen lana. Itzaletatik irtengo dira bigarrenez lau dortokak, oraingoan, baina, Shredder gaizkileari eta haren aliatuei aurre egiteko. Dave Greenek zuzendu du Paramount Pictures eta Nickelodeon Movies ekoizpen etxeen proiektua.

Amor tóxico

Norberto Ramos del Val zinegile espainiarraren komedia erromantikoa da Amor tóxico. Emakumeak ulertzen ez dituen Tonik eta Irene “bereziak” zita bat izango dute Internet bidez elkar ezagutu ostean, eta maitasunari eta sexuari buruzko elkarrizketa amaigabean murgilduko dira.