Urtea: 2016
Herrialdea: Euskal Herria
Gabrielek (Daniel Grao) Kanariar Uharteetara egingo du bidaia, poliziaren dei bat jaso eta gero. Sekta bateko hainbat kidek bere buruaz beste egin dute, eta Cordelia (Ingrid Garcia Jonsson) egon daiteke hildakoen artean, urtetan ikusi ez duen arreba. Desagertutako emakumearen lagun Helenaren (Juana Acosta) babesa jasoko du gertatutakoa argitzeko, ikerketaren ardura duen poliziaren (Goya Toledo) laguntzarekin batera. Jon Kortajarena aktore bilbotarrak ere poliziarena egingo du.
Lucia Etxeberriaren El contenido del silencio eleberriaren egokitzapen bat da Acantilado, beste izenburu bat hartu duen arren. Filmea thriller gisa iragarrita dago karteldegian, eta, azterketa egiteko etiketa horretara mugatuko bagina, gutxieneko baldintzak betetzen dituen lan baten aurrean geundeke, aurreikusteko moduko eszenekin, baina zuzena, entretenigarria. Helena Tabernaren ibilbidea ezagututa, ordea, irakurketa sakonago bat egitea litzateke bidezkoena, eta horixe da, hain zuzen ere, pelikulari buruz irakurri ditudan kritiketan faltan bota dudana; loreak eskaini ez dizkioten iritzietan, batez ere.
Thrillerra aitzakia dela esango nuke, bitartekoa, protagonisten mamuak lehen lerrora eramateko, sekten jarduera bidegabea agerian uzteko bistako helburuaz gain. Altsasuko zuzendaria ez da azalean geratzen den horietakoa, balio erantsi bat eskaini ohi dio ikusleari, eta hala egin du oraingoan ere. Horretarako, atmosfera aztoragarri bat eraiki du, pelikularen argazkiak eta isiltasunaren zurrunbiloak lagunduta, eta egoki jositako flashback-ak uztartuta.
Noraezean daude filmeko pertsonaiak, ez Cordelia bakarrik. Kulpa sentimenduak ez die lasai bizitzen uzten, baina, korapilo hori askatuta ere, ziurrenik ez lirateke zoriontsu izango; itxuraz bikote perfektua eta fiskal gisa ibilbide profesional oparoa izan arren, atsekabetutako anaiaren kasuan. “Gabriel, suspertu, mesedez!”, adierazi dio emazteak telefonoz, bere benetako ardurak zeintzuk diren gogoratzeko, Kanariar Uharteetako egonaldia gehiegi luzatzen ari dela ikusita. Bistan da ez dela zertan sekta baten sarean erori behar harrapatuta sentitzeko. Gizarteak berak, inertziak, eraman du Gabriel amildegiaren ertzera, arrebaren bila joan baino askoz aurretik. Bere mundutik irten da orain, bat-bateko haustura egin du egunerokoarekin, eta, testuingu horretan, ordu gutxi batzuk nahikoak izan ditu nahi ez duen bizitza duela onartzeko.
Azken batean, Helena Tabernak ispilu baten aurrean jarriko ditu protagonistak, eta, horrekin batera, ikasgai bat helaraziko dio ikusleari: barne gatazkak konpondu behar dira lehenik, ingurukoak laguntzeko gaitasuna izateko. Pertsonaien ezintasuna horrela ulertu daiteke bakarrik.
Filmean Kanariar Uharteetako lokalizazioak dira nagusi; bertako itsas bazter ikusgarriak, kasu. Natura bere edertasun gorenean azaltzen da, basati bezain itogarria. Izan ere, itsasoak heriotza dakar lehorrera, ur-lasterrak miseriak azaleratzen dituelakoan. Gauza bera gertatu ohi da gizartean, gurpil zoroaren sareak harrapatuz gero.