Sylvain Tesson idazle frantziarren The Consolations of the Forest: Alone in a Cabin of the Siberian Taiga eleberri laudatuan oinarritutako Safy Nebbou zinegile baionarraren Dans les forêts de Sibérie film ikusgarria asteazken honetan, ekainak 15, helduko da Ipar Euskal Herriko zinema aretoetara. Askatasun bila eta mundutik ihesi Baikal lakuaren ertzean dagoen etxola batera bakarrik bizitzera joango den Teddyren istorioa kontatuko du filmak.

Safy-Nebbou-Zinea.eus

Safy Nebbou (Baiona, 1968) zinegilearen ibilbide artistikoa Parisen abiatu zen, Théâtre des Chimères delakoan taula gaineko zuzendari gisa lanean hasi zenean. Aktore moduan ere aritu zen ostean, eta 1997an bere lehen laburra idatzi eta zuzendu zuen, Pédagogie. Bi urte geroago aurkeztu zuen La vie c’est pas un pique-nique laburra, eta ondoren, 2001 eta 2003an euskal izenburudun Bertzea eta Lepokoa laburrak heldu ziren.

Le Cou de la Girafe izan zen Nebbouren lehen luzea, eta Cairoko zinema jaialdian debut onenaren saria eskuratu zuen. L’empreinte de L’ange (2007) eta Enfances (2008) lanen ostean, 2010ean L’autre Dumas estreinatu zuen Berlingo jaialdian, Gérard Depardieu, Benoit Poelvoorde, Mélanie Thierry, Dominique Blanc eta Catherine Mouchetekin.

Siberiako basoetan

Asteazkenean, baina, Sylvain Tessonen eleberrian oinarritutako film ikusgarria dakar, Dans les forêts de Sibérie. Ibrahim Maaloufen musika eta Raphaël Personnaz frantziarraren eta Evgueni Sidikhine errusiarraren parte hartzea izan ditu. Paname Distributionek banatu du filma, eta Nord-Ouest Productions ekoizpen etxe paristarra arduratu da produkzioaz.

Protagonista nagusia Teddy da (Personnaz), askatasun bila Baikal laku izoztuaren ertzean dagoen etxola txikira bizitzera joango den gaztea. Gustura ibiliko da bertan, baina gau batean, elur-ekaitz batek harrapatuko du, eta etxerako bidea ezin aurkitu, Aleksei (Sidikhine) errusiarrarekin egingo du topo, Siberiako basoetan ezkutatu den iheslariarekin. Oso ezberdinak diren arren, laguntasun indartsua sortuko da bien artean.

Nebbouren hitzetan, naturaren gorentasuna islatu nahi du filmak, paisaia izoztuek eta benetako isiltasunak duten indarra agerian utziz. Informazio gehiago.