Euskadiko Filmategiak kudeatzen duen Kimuak film laburren katalogoak baditu 2016ko lanak. Orotara zazpi film hautatu dituzte, tartean, Asier Urbietaren False Flag, Las Chicas de Pasaik kolektiboaren Gure Hormek, Kepa Sojoren Hileta, eta Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren Renovable.
Genero zein hizkuntz aniztasunaren erakusle diren lanak jaso ditu behin ere Kimuak katalogoak: hiru euskara hutsean daude; bi gaztelaniaz; bat euskaraz, italieraz eta gaztelaniaz; eta azkenekoa, ingelesez.
Aurtengoan Amaia Serrulla Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeko Kidea, Carmen Chávez Cortosfera aldizkariko proiektu zuzendaria, José Manuel Zamora Albaceteko Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendaria, Mari Fran Machín ARTIUM Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko Hezkuntza eta Jardueren koordinatzailea, eta Rosa Zufía kazetaria eta EITB Kultura-Transit telebista saioko zuzendaria izan dira epaimahaikide, eta orotara zazpi lan hautatu dituzte nazioartean banatzeko.
Ondorengo filmak izan dira aukeratuak:
Beti Bezperako Koplak. Begoña Vicariok koordinatutako animaziozko proiektua. Maialen Lujanbiok Santa Ageda bezperako koplen harian egindako bertso baten interpretazioa da, eta tartean, Kote Camachok, Izibene Oñederrak eta Aitor Oñederrak hartu dute parte, genero-indarkeria salatuz.
Caminan. Mikel Ruedak zuzendutako drama, Maribel Verdú eta Germán Alcarazu protagonistekin. Ezerezean batuko diren bi pertsona bakartiren istorioa azalduko digu bilbotarrak.
False Flag. Asier Urbieta donostiarraren thriller politikoa. Torturatua izan den gizon bat utzitako garaje batean esnatuko da, eskuak lotuta. Eneko Sagardoy eta Maarten Danneberg dira aktore nagusiak.
Gure Hormek. Maria Elorza eta Maider Fernandez zuzendariek osatutako Las chicas de Pasaik kolektiboaren gogoeta. Etxeko hormetatik abiatuta, emakumeen esparruari buruzko hausnarketa egingo dute.
Hileta. Kepa Sojo zuzendari arabarraren lana. Theodor Dreyerren 1925eko Ordet filmaren sekuentzia baten interpretazio librea. Tartean dira Kandido Uranga, Itziar Atienza, Mikel Losada, Martxelo Rubio, Josean Bengoetxea eta Asier Hormaza aktoreak, besteak beste.
Ihesa. Alejandro Díaz Castañoren drama. Iosu da filmeko protagonista. Itogin bat tarteko, bizilagunen etxera igoko da. Une horretan existentziaren inguruko zalantzak sortuko zaizkio.
Renovable. Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendari laudatuen drama laburra. Goenagak 2005ean aurkeztu zuen Sintonía laneko protagonista berberak batu dituzte, 10 urteren ostean, energia berriztagarrien kongresu batean.
Lan guztiak Donostia Zinemaldian estreinatuko dituzte, industriako lagunentzako egingo duten pase berezi batean. Eta bitartean, nazioarteko jaialdietan banatuko ditu Filmategiak.