110 emanalditik gora, eta 7.000 ikusle baino gehiago. Horiexek Asier Altunaren Amama (2015) filma orain hiru hilabete Ipar Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatu zenetik, bergararraren lanak lortutako datuak. Altunak berak ere hainbatetan hartu du parte filmaren aurkezpenetan. Hala, 2011n Roberto Castónen Ander lanak izandako emaitzak gainditzea espero dute EKE Euskal Kultur Erakundeko kideek.
Amama filma Donostia Zinemaldian estreinatu zuen iaz Asier Altunak, eta Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratu zuen orduko hartan. Geroztik, nazioarteko dozenaka jaialditan hartu du parte euskal tradizioaren eta modernitatearen arteko haustura irudikatzen duen dramak, eta beste hainbat sari ere eskuratu ditu.
Bada, Ipar Euskal Herriari dagokionez, EKE eta Atalante zinemak antolatutako banaketari esker, hamar Art & Essai zinegelatan izan da ikusgai Amama iragan hiru hilabeteetan, eta 7.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute. Maiatzaren 18az geroztik, gainera, Utopia sareko Bordele, Tolosa, Montpellier eta Avignon hirietako zinemetan ere izan da, eta horrek asko lagundu du filma hedatzerako orduan. Ekain bukaeran, halaber, Paun, Bourg en Bresse, Port de Bouc, Bergerac, Argelès/Mer, eta beste hainbat herritan eskainiko dute lana.
Amama filmaren emaitzak 2011n Bodega Filmsek banatu zuen Roberto Castonen Ander filmak eskuratutakoekin alderatu ditu EKEk, eta hark Frantzia osoan 11.000 ikusle izan zituela jakinik, Amamak datu hori gainditzeko aukera duela azaldu dute, oraindik Ipar Euskal Herriko eta inguruko zinemetan eskaini baitute soilik.