Albert
Zineuskadiren Zinema Euskaraz programaren bidez, Karsten Kiilerich zinegile daniarraren Albert animaziozko filma euskaraz estreinatuko dute Donostia, Bilbo, Portugalete eta Gasteizko zinemetan. Lanak Albert mutiko traketsaren eta lagun Egonen abenturak kontatuko ditu, herriko Leopoldusen monumentua lurrera bota ostean, benetako globo-kapitain baten bila abiatuko baitira. Etxeko txikienentzako proposamen ederra.
The Nice Guys
Shane Black zinegile estatubatuarrak 70eko hamarkadako Los Angelesen girotutako filma dakar, Ryan Gosling eta Russel Crowe izarren eskutik. Lehenak Holland March detektibea antzeztuko du, eta bigarrenak Jackson Healy bizkarzain gupidagabea. Lan egiteko modu oso ezberdinak dituzten arren, elkarrekin aritu beharko dute goi kargudun pertsonak nahasten dituen konspirazio kriminal bati aurre egiteko.
Eddie the Eagle
1988ko Neguko Olinpiar Jokoetan eski-jauzia modalitatean lehiatu zen Michael Edwards britainiarrari buruzko film biografikoa gidatu du Dexter Fletcherrek. Lanak Erresuma Batuko ‘Eddie the Eagle’ (‘Eddie Arranoa’) eski-jauzilari ospetsuenaren istorioa kontatuko du, izan ere, goi mailako kirolaria izateko zailtasunak zituen arren (nahiko traketsa zen, pixka bat lodikotea, eta miopia handia zuen), asko ahalegindu zen kirolari olinpiko bilakatzeko, eta ordura arte britainiarrek probatu ez zuten kirolean prestatu zen, zailtasunen aurrean errenditu gabe. Komedia eta drama uztartzen dituen film entretenigarria, Taron Egerton eta Hugh Jackmanekin.
As Mil e Uma Noites: Volume 2, O Desolado
Miguel Gomes portugaldarraren trilogiako bigarren atala bihar helduko da zinema aretoerata, lehena joan zen astean estreinatu ostean. Portugalgo krisia du ardatz fikzioa eta dokumentala uztartzen dituen lan bereziak, istorio laburrak, Sherezaderen ipuinak balira bezala kontatuta. Film interesgarria.
Green Room
Jeremy Saulnierek gidatutako beldurrezko thrillerra da Green Room. Punk banda bat kontzertu bat ematera joango da taberna batera, eta hilketa baten testigu izango dira. Horren berri eman ez dezaten, egileek gela batean giltzatuko dituzte, eta bertatik bizirik irtetea izango du helburu gazteek. AEBtako film independeteak kritika bikainak jaso ditu nazioarteko zinema aldizkari ezagunenetan.
Rumbos
Malagako zinema jaialdian aurkeztu berri du Manuela Burló Morenok sei autoren bidez lotzen diren hainbat maitasun istoriori buruzko komedia erromantikoa. Abentura bila dabiltzan bi gazte, traizio egin dioten taxista bat, iragan triste bat duen emakumearekin maitemindu den kamioi-gidaria, ahazten ez dakien erizain bat, eta beste hainbat lagun noraezean ibiliko dira bi auto, anbulantzia bat, taxi bat, autobus bat eta trailer batean. Espainian oso ezagunak diren Carmen Machi, Ernesto Alterio, Pilar López de Ayala, Miki Esparbé, Nora Navas, Emilio Palacios eta Karra Elejalde aktore euskalduna aritu dira lanean.
Se Dio vuole
Italiatik datorkigun erlijioari buruzko komediak, ostera, Tommaso kardiologo ezaguna izango du protagonista. Ateoa da, ezkonduta dago eta bi seme ditu. Haietako batek, medikuntza ikasten ari den etorkizun oparoko Andreak, ordea, apaiz izan nahi duela esango dio aitari. Edoardo Maria Falconek gidatutako lanak opera prima onenaren saria jaso zuen 2014ko David di Donatello sari italiarretan.
Summer Camp
Alberto Marinik zuzendutako beldurrezko film espainiarra. Lau gazte estatubatuar Europara etorriko dira haurren udako kanpaldi batean monitore gisa lan egitera. Badakite egonaldia ez dela erraza izango: haur bihurriei, lorik gabeko gauei, intsektuei… aurre egin beharko diete. Baina espero gabeko infekzio arriskutsu batek mehatxatuko ditu, eta haren iturria lehenbailehen aurkitu beharko dute, baldin eta etxera bizirik itzuli nahi badute.
Les amigues de l’Àgata
Albaceteko, Bartzelonako eta Tarragonako zinema jaialdietan saritu dute Laia Alabart, Alba Cros, Laura Rius eta Marta Verheyenen nerabezaroari buruzko drama. Filmak 20 urteko neska-talde bat izango du aztergai, beti ere, Àgataren begiradatik. Nahi gabe, haiekiko duen ikuspegia aldatu egingo da. Elena Martin, Carla Linares, Marta Cañas eta Victòria Serra gazteek gorpuztu dituzte lau gazteak.