Urtea: 2015
Herrialdea: AEB
“Nire misioa loreak jasotzea da, ez belarrak”. Michael Moorek esaldi horrekin ekingo dio bere eginkizun berriari, Where to invade next filmean: Atlantikoaren bestaldetik eredugarriak diren politikak hartu, AEBtara eramateko, bertako gobernuak indarrean jar ditzan. Helburu horrekin, Europako zenbait herrialde “inbadituko” ditu bere ohiko hitz jario, galdera eta umore zorrotzarekin, eta atzerriko hainbat agintari eta eragilerekin bilduko da “lapurtuko” dituen ideiak bertatik bertara ezagutzeko eta AEBtako egoerarekin alderatzeko.
Italia, Frantzia, Finlandia, Eslovenia, Alemania, Portugal, Norvegia, Tunisia eta Islandia izango dira bisitatuko dituen herrialdeak, eta lana, hezkuntza, kartzela politika, berdintasuna eta justizia jorratuko dituen arlo nagusiak. Espainia ez dago aukeratutakoen artean, ez du aipatu ere egingo. Loreak ez dituen seinale?
Moorek, zinemagilearena baino gehiago, kazetariarena egin du berriro dokumental honetan. Aitortuko dut, kazetaria naizen heinean, inbidia piska bat sentitu dudala ikustean zer nolako adeitasunez zabaltzen dizkioten ateak han eta hemen, enpresa ezagunetako arduradunekin zein gobernu buru eta erabaki postuetan daudenekin elkarrizketak egitera doanean. Michigango zuzendaria ez da edonor, eta eskura ditu herrialdez herrialde ibiltzeko beharrezkoak dituen baliabide tekniko zein ekonomikoak. Zentzu honetan, beste indar erakustaldi bat egin du Where to invade next lanean, baina, azaleko irakurketa hori alde batera utzita, edukietan sakontzeko aukera paregabea galdu du. Horrela egin nahi izan du gainera, propio. Eta hori da, hain zuzen ere, dokumentalaren ahulezia nabarmenena: AEBtako sistema agerian uztea izan du misio, besterik ez, agintariei leporatu ohi dien partzialtasuna (manipulazioa?) baliatuta.
Halaber, sinesgarritasuna galdu du, showman edo clown izaerak eraginda. Izan ere, arina eta pedagogikoa izatera iritsi badaiteke ere, barreak eragin eta interesa piztu dezakeen arren, filmari sentsasionalismoa dario. Moore marka da, ados, baina gertutasunaren eta apaltasunaren kalterako da neurri handi batean. Hala, pertsonaiak, oraingoan, ez dit konfiantzarik helarazi.
“Gurekin zaude, edo terroristekin zaude”, esango luke presidente hark. Bada, ez bata eta ez bestearekin. Bistan da Moorekin ez dudala itxaropen gehiegirik, are gutxiago AEBtako agintariekin, baina gobernu edo sistema ofizial batek hainbeste laudorio jasotzea gehiegitxo iruditzen zait; izan Islandia, izan Eslovenia idilikoa. Denek dituzte, ditugu, usteldutako landareak lorategian, ikasgaiak ematen egoteko. Eta Moorek jakin badaki hori, nahiz eta ezikusiarena egitea nahiago izan duen. Horrek ere mesfidati utzi nau, hotz, baita filmaren irakaspen patriotikoak ere: AEBtan bertan erein omen dituzte mundua hobetzeko haziak.
Moore ez da nire etxeko egongelatik igaroko, baina, deskuidu batean bisita egitera etorriko balitz, ez nioke bandera iltzatzen utziko, filmean egin bezala; momentuz ez, hurrengo lanean zer dioen aztertu arte bederen, bere jatorri xumeetara itzuliko ote den esperantzarekin.