ETBk Sony etxearekin lortutako hitzarmenaren bidez, azken urteetan nazioartean arrakasta erdietsi duten hainbat film eskainiko ditu udan. Besteak beste, Christopher Nolanen Interstellar, Wachowski neba-arreben Jupiter Ascending, eta M. Night Shymalanen After earth lanak izango ditugu ikusgai ekainaren 28tik aurrera.

Euskal Telebistak ohar bidez aditzera eman duenez, Sony etxearekin lortutako hitzarmena tarteko, izen handiko dozena bat film estreinatuko dituzte udatik aurrera. Lehen bi filmak, esaterako, ETB2ko La Noche de… saioan aurkeztuko dituzte: hilaren 28an After earth (2013), eta uztailaren 5ean Elysium (Neill Blomkamp, 2013). Biak ala biak zientzia fikziozko filmak dira, eta tartean, Will Smith, Jaden Smith, Matt Damon eta Jodie Foster aktore ezagunek hartu dute parte.

https://youtu.be/vhh31xYtop0

Ondoren helduko dira Neil Blomkap zuzendariaren Chappie (2015), Chrisopher Nolanen Interstellar (2014), eta Wachowski neba-arreben Jupiter Ascending (2015) zientzia fikziozko filmak, baita ere.

Dena den, beste hainbat genero ere ikusteko aukera izango dugu ETBn, hala nola, komedia, Sex Tape (Jake Kasdan, 2014), The Intern (Nancy Meyers, 2015) eta Focus (Glenn Ficarra eta John Requa, 2015) filmekin.

Historikoa, Fury (David Ayer, 2014) lanarekin.

Eta akzioa, The amazing Spiderman 2 (Marc Webb, 2014), San Andres (Brad Peyton, 2015) eta Mad Max: Fury Road (George Miller, 2015) lan ezagunen bidez.

Haiekin batera, 8 apellidos vascos (Elimio Martínez-Lázaro, 2014) eta 8 apellidos catalanes (Emilio Martínez-Lázaro, 2015) film arrakastatsuak ere eskainiko ditu ETBk. Ez dute zehaztu, dena den, lehen bi filmez gain, gainerakoak zein kate eta saiotan emango dituzten.