Martin Rejtman gidoigile eta zuzendari argentinarrak Hiru plano izeneko lantegia eskainiko du ekainaren 14tik 18ra Tabakaleran. Zinegileentzat ez ezik, ikus-entzunezko mundura hurbildu nahi duten artista ororentzako saioak izango dira, eta izen-ematea zabalik da.

Martin-Rejtman-Zinea.eus-Ikastaroa-Tabakalera
Zine Argentinar Berriaren aitzindaritzat dute Rejtman idazle, gidoilari eta zuzendaria. 1992an aurkeztu zuen Rapado nerabezaroko bizipen bortitzei buruzko drama (bere lehen lana) eta Locarnoko jaialdian saritu zuten. Filmaren estilo minimalistaren bidez, sorterriko zinegileei hitzetatik haratagoko zinema egin zitekeela erakutsi zien, irudia gailenduz. Ondoren etorri ziren Silvia Prieto (1998), Los guantes mágicos (2003) eta Dos disparos (2014) filmak, eta Copacabana (2006) dokumentala.

“Nire lana begiratzea da, entzutea, eta horren bitartez idaztea eta filmatzea. Behaketarekin egiten dut lan gehien, gertatzen zaizkidan gauzekin, esan dizkidaten gauzekin eta ikusten ditudan gauzekin”, azaldu du zinegileak.

Bada, ekainaren 14tik 18ra,  goizeko 10:00etatik 14:00etara, Hiru plano izenburudun ikastaroa eskainiko du Donostiako Tabakaleran. Zinemaren esperimentua izango da, eta berak antolatutako kontsigna multzoarekin ariketak egingo dituzte parte hartzaileek, baita eguneroko eztabaidak aztertu ere. Zinegileek ez ezik, beste alor artistikoetan diharduten lagunek ere gozatuko dute saioez.

Izen-ematea zabalik da.