Urtea: 2015
Herrialdea: Frantzia
Paul Dedalusek (Mathieu Amalric) Tayikistan utziko du Frantziara itzultzeko, Roubaix herrian igarotako haur eta gazte garaiak gogoan dituela. Familia giro gorabeheratsuaren erradiografia laburra eta Minsk hirian bizitako abenturak oroitzapen nagusiaren aurrekariak dira. Hala, Esther (Lou Roy-Lecollinet) herrikidearekin unibertsitate garaian edukitako maitasun harremana izango da filmaren muina, beste guztiaren gainetik. Izan ere, lanak drama traza du lehen minutuetan, thriller kutsua geroago, baina amodiozko istorio bat du ardatz; tranpaz beteta, gainera.
“Zein arraroa den bizitza”, dio Paul Dedalusek, ihes egiten dioten gertaerei azalpenik emateko gai ez denean, gizakiaren alor desberdinak ikertzeko jaioa den arren. Gizon protagonista antropologoa da, bokazioz eta ikasketaz, baina liburuetatik harago jasoko du ikasgai garrantzitsuena: bihotzak agintzen du, arrazoiak arrazoi.
Hain zuzen ere, zeharo desberdinak diren bi pertsonaren arteko harremana irudikatu du Arnaud Desplechinek. Mutil burutsu eta langile bat aurkeztu die ikusleei, alde batetik; eta, itxuraz, neska sinple eta arduragabe bat, beste aldetik. Itxuraz diot, tranpak bide horretatik doazelako. “Zure adimenak ez nau atsekabetzen”, esan dio Paulek Estherri. “Badakit inozoa naizela, hala ere, maite nauzu”, adierazi dio Estherrek Pauli. “Laguntasunak zerbaiterako balio al du pasioak bere horretan jarraitzen duenean?”, galdetu du antropologoak, harremana kolokan dagoenean. Esanak esan, ikusleak bere egingo du ondorio errazena: maitasuna itsua da, erakargarritasun fisikoa tartean dagoenean.
Azken eszena miresgarriak zalantzan jarriko du azaleko irakurketa hori, intimitatea letra larriz irudikatuta agertzen denean, bi maitaleek eraikitako burbuilaren atea parez pare zabalik dagoenean; sexuaren beharrik gabe, kasu horretan. Hortik aurrera, ikusleari dagokio antropologo lana egin eta bi protagonista nagusien arteko harremanari buruzko iritzia berritzea ala ez. Nik, nire aldetik, aitortu behar dut maitemintzeko zorian utzi dudala zinema aretoa.
Oharkabean igaro daitekeen berezitasun bat aipatzea garrantzitsua iruditzen zait: Paul eta Estherren arteko maitasun istorioak ez luke garapen bera izango XXI. mendean gertatu izan balitz, Interneten aroan. Bikotearen harremanaren oinarri sendoena gutunak dira, Paris eta Roubaix artean trukatutakoak; eta horrek, neurri handi batean, egiten du berezi, erromantiko, erlazioa. Gainera, ba al dago maitasun froga handiagorik, milaka lerro idazteko denbora hartzea baino?
Azken finean, azaletik urruntzeko tresnak eskaintzen ditu Arnaud Desplechinek bere filmeetan, beti ere, gogoeta pizteko helburuarekin. Comment je me suis dispute… (ma vie sexuelle) filmarekin, 1996an, bide hori irekitzen hasi zen; kutsu autobiografikoa zuten bizipenekin, oraingoan bezala. Lan hura Cannesko jaialdian izan zen, hautagai gisa. Hogei urte geroago, Trois souvenirs de ma jeunesse filmarekin, zuzendari onenaren Cesar saria jaso du Frantzian.