Palestinako lurralde okupatuetako Giza Eskubideen egoeraz kontzientzia soziala sustatu nahi duen Mewando Sareak eta Donostiako Udalak antolatuta, aurten hirugarrenez egingo dute Emakumeek ekoitzitako Arabiar Zine Emanaldia Gipuzkoako hiriburuan. Saioak ekainaren 1ean eta 2an, asteazkena eta osteguna, egingo dituzte Koldo Mitxelenan.

Palestinako Anemarie Jaciren When I Saw You (Lamma shoftak) filma, hilaren 1ean, eta Raquel Castellsen A tiro de piedra de la cárcel dokumentala, ekainaren 2an, eskainiko dituzte aurtengo emanaldietan. Sarrera doakoa izango da, eta gainera, saioen ostean, mahai-inguruak egingo dituzte Palestinako emakumeen errealitatea erakusteko.

Berauetan hartuko dute parte filmetako zuzendari eta aktoreek, eta Palestinako zein Ekialde Hurbileko askapen sozialerako borrokan ezagutza zabala dute emakumezko adituak ere ariko dira bertan. Gogoan izan: asteazken eta ostegunean, 18:30ean, Koldo Mitxelenan.