Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Donostia Zinemaldiak, Donostia Kulturak, Donostia 2016 Fundazioak eta Euskadiko Filmategiak antolatutako deialdira 37 proposamen heldu dira aurtengoan, eta horietatik, lau hautatu dituzte hilabeteko egonaldia egin eta Rec grabaketa estudioaren saria eskuratzeko. Bolvia, Austria eta Euskal Herriko proiektuak dira.
Berrikuntza eta esperimentazioa ardatz duten ikus-entzunezko lanei laguntzea helburu duen deialdia da Ikusmira Berriak, eta aurten bigarren edizioa deitu dute. Orotara 37 lan jaso dituzte, beti ere, Donostia Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketatik, Clermont-Ferrand Zinemaldiko LABO film labur esperimentalen sailetik, Kimuak katalogotik eta Euskal Autonomia Erkidegotik. Eta kategoria horietako bakoitzetik, lan bat hautatu du epaimahaiak datorren urrian Donostian egonaldi artistikoa egin dezan.
Hautatuko proiektuak:
- Loba film luzea (Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa)
Kiro Russo boliviarraren proposamenak bi ate irekiko dituzten bi gizonen istorioak kontatuko ditu: lehena premiak bultzatu du lapurtzera; bigarrena emaztearengandik ihesi doa, basati bihurtu delako.
- Calipatria film laburra (Clermont-Ferrand Zinemaldiko Labo saila)
Gerhard Treml eta Leo Calice austriarren lanak Kaliforniako Calipatria espetxera eramango gaitu. Bertan preso dago Santiago Cassilas 58 urteko gizonezkoa. Betiko isolamendu zigorra ezarri diote, eta lorategian lan egiten duen unea da bere sentipenak, bizipenak, sekretuak eta ametsak kontatzeko baliatzen duen momentua.
- Fantasia film luzea (EAE)
Amaia eta Aitor Merino neba-arrebek erretiratuta dauden Kontxi eta Iñaki gurasoekin Fantasia itsasontzian egindako bidaia azalduko du lanak. Haiengandik hurrun bizi izan dira gazteak, baina oporraldia errealitateaz, zahartzaroaz, eta noizbait betiko bananduko dituen heriotzaz hitz egiteko baliatuko dute.
- Suro film luzea (Kimuak katalogoa)
Mikel Gurrea zinegile donostiarrak masia bat oinordetzan jaso zuen Ivanen istorioa pantailaratuko du. Bertara joango da Elena bikotekidarekin, hura aurrera atera eta negozioa egiteko. Baina bertako baso-langileekin eta marokoar zamaketariekin izango duen tratuaren ondorioz, dilema moral sortuko dio.
Egonaldiaren ostean, Rec grabaketa estudioak haietako biri, film labur bati eta film luze bati, estudioan lau astez lan egiteko aukera emango die.