Euskal kirol tradizional honen inguruan hainbat film egin dituzte bertako zein atzerriko zinegileek, tartean, Orson Wellesek, Néstor Basterretxeak, Fernando Larruquertek, Jorgen Lethek, eta berriki, Gorka Bilbaok. Bada, Euskadiko Filmategiak eta Tabakalerak film horiek guztiak jasoko dituen Zinema kantxara zikloa ondu dute ekainerako.
Xabier Euzkitze kazetari, aurkezle, bertsolari, eta kasu honetan, kirol esatariaren eskutik abiatuko dute Zinema kantxara zikloa datorren ekainaren 2an, osteguna, Donostiako Tabakaleran. Aurkezpena 19:00etan egingo dute, eta ostean, lau film labur ikusteko aukera izango da:
- Antonio Sarasuak 1948an errodatutako urte hartako buruz-buruko txapelketaren finaleko irudiak, non Miguel Gallastegik Atano III.ari txapela kendu zion Bergaran
- Orson Wellesek 1955ean aurkeztu zuen Around the Word with Orson Welles telesaileko Pays Basque I-II kapitulua
- Néstor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek 1964an aurkeztu zuten Pelotari dokumentala
- Eugenio Monesmak pilota egiteko prozesuari buruz 1998an osatu zuen El pelotari dokumentala
Astebete geroago, hilaren 9an, Jorgen Leth danimarkarrak 1983an pilotari buruz osatu zuen Pelota dokumentala eskainiko dute jatorrizko hizkuntzan, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin. Retegi II pilotaria, Atano III pilotariaren mitoa, apustuen jarduera, eta beste hainbat gai jorratzen ditu lanak.
Ostean, Richard Zubelzuk iaz aurkeztu zuen Beti-Jai: La capilla Sixtina de la pelota dokumentala emango dute, Madrilgo Beti-Jai frontoiaren egoera larriari buruzkoa. Eta segidan Daniel Burgui eta Andrés Salaberrik, iaz baita ere, emakume pilotariei buruz osatu zuten Las pelotaris dokumentala emango dute.
Ekainaren 16an, halaber, iaz Donostia Zinemaldian estreinatu zuten Jai-Alai Blues dokumentala izango da ikusgai, Gorka Bilbaoren lana, zesta-puntak AEBetan eta beste hainbat herrialdetan lortu zuen arrakastari buruz.
https://vimeo.com/139877464
Eta zikloa isteko, Roberto Gavaldónek 1951n aurkeztutako La noche avanza melodrama mexikarra emango dute hilaren 23an, osteguna baita ere.
Salneurria
Sarrera 3,50 euroren truke eskuratu ahal izango da, eta 18:30etik aurrera Tabakalerako lehiatilan azaltzen diren 25 urtez azpiko lehen 25 lagunek sarrera doan izango dute.