Ander Arrese arkeologoak, Beñat Iturrioz eta Eñaut Tolosarekin batera, orain lau mende Islandian jazotako euskal baleazaleen triskantzari buruzko dokumentala osatu dute. Hilaren 14an, Orioko balearen egunean aurkeztu zuten lana, eta orain herriz herri aurkezten ari dira. Gaur, maiatzak 27, Beasainen izango dira.
Euskal baleazaleak Islandiarantz jo zuten XVII. mendean, bertako balea-industriak indarra galdu zuenean. Labrador eta Ternua holandar eta ingelesek berenganatu zituzten, eta euskaldunek “infernu zurira” joan beste erremediorik ez zuten izan, aukera berrien bila. Itsaso zabalean arrantzatzen zekiten bakarrak ziren, eta nazioarteko lehia oso estua zenez, gune berriak bilatu behar izan zituzten.
Euskal Herria itsasora begira eraikitako gizartea zela azpimarratu du Arresek Berria egunkariari eskainitako elkarrizketan, eta balea-arrantza industriarik garrantzitsuenetakoa zela garai hartan. Izan ere, “jatekoaz gain, koipea ere lortzen zuten, lanparak egiteko erabiltzen baitzen Europa osoan”.
Arrese, Iturrioz eta Tolosaren Euskal baleazaleen triskantza dokumentalak, baina, 1615ean Islandian jazotakoa kontatuko du. Horretarako, euskal ikertzaile talde bat Islandiara joan zen bi astez, eta bertan galdeketak, hilketa gertatu zen lekuaren miaketa, aztarna bilketa… egin zituzten, gaia argitu asmoz. Izan ere, 32 euskal baleazale erahil zituzten bertan, oso modu bortitz eta krudelean.
Euskal Herrian ez zuten gertatukoaren berri izan, bizirik iraun zutenek ere, ez zutelako jazotakoaren berri eman, “Espainiako koroak heriotza zigorra ezartzen baitzien atzerriko ontzietan sartzen ziren euskal baleazaleei”. Hala ere, baleazaleek Islandiara arrantzatzera joaten jarraitu zuten ondorengo urteetan.
Dokumentala
Gogoan ekoizpen etxeak eta Suhar arkeologia taldeak crowdfunding kanpaina jarri zuten abian iaz, eta haren bidez bildutako 6.000 euroekin, bi aste Islandian eta beste bi Euskal Herrian eman zituzten errodatzen. Animazioa ere baliatu dute gertatutakoa hobeto islatzeko.
Emaitza iragan maiatzaren 14an aurkeztu zuten Orioko baleazaleen egunean, eta ondoren hainbat emanaldi egiten jarraitu dute. Gaur bertan, maiatzak 27, Beasainen eskainiko dute lana, eta ekainaren 7an, esaterako, Donostiako San Telmo museoan izango dira. Informazio gehiago.