Where to Invade Next

Michael Moore dokumentalgile estatubatuar ospetsuak, sei urteko geldialdiaren ostean, Europaren “inbasioa” irudikatuko duen dokumentala aurkeztuko du, Where to Invade Next. AEBetako arazoei konponbidea bilatu asmoz, Europako hainbat herrialdeetara egingo du bidaia, bertako ohitura, lege eta gizartearen ezaugarriak bere jaioterrira inportatzeko. Satellite Awards sarietan dokumental onenaren kategorian proposatu zuten iaz.

Theeb

Theeb (“otsoa” arabieraz) eta anaia Hussain Arabiako basamortuan bizi dira euren tribu beduinoarekin. 1916. urtea da, eta aita galdu berri dute. Halako batean, britainiar soldadu bat eta haren gida helduko dira kanpalekura, eta Husseini laguntza eskatuko diote, Mekara egin ohi zen erromesaldian dagoen ur-putzu bat topatzeko. Husseinek proposamena onartuko du, eta Theeb atzetik joango zaie, anaiak esandakoari entzungor eginda. Naji Abu Nowar jordaniarraren lehen lana Veneziako zinemaldian aurkeztu zuten 2014an, eta zuzendari onenaren saria lortu zuen. Aktoreak egun bizirik dirauen tribu beduino bakar horretako kideak dira.

Trois souvenirs de ma jeunesse

Arnaud Desplechin zinegile frantziarrak 1996an aurkeztu zuen Comment je me suis disputé… (Ma vie sexuelle) filmaren aurrekariei buruzko lana dakar. Paul Dedalus antropologiako irakasleak Tayikistán utzi eta Frantziara itzuliko da. Bertan, landa eremutik Frantziako hiriburura lekualdatu zen garaiko oroitzapenak ekarriko ditu gogora, 80ko hamarkadan nerabe zenekoak: Ivan anaiarekin zuen harremana, amaren kritisiak, Sobietar Batasunera egin zuen bidaia, lagunak, Kovalki lagunari nola egin zion traitzio… Baina bereziki, Esther gazteaz oroituko da, bere lehen maitasunaz.

Magallanes

2014ko Donostia Zinemaldian Zinema Eraikitzen saria jaso zuen Salvador del Solarren proiektuak, eta iaz Horizontes Latinos sailean lehiatu zen. Bada, filmak Liman bizi den 60 urte inguruko Magallanes gizonezkoaren eguneroko arruntera eramango gaitu. Bizitza goitik behera aldatuko zaio, ordea, taxi batean Peruko Armadan borrokatu zenean ezagututako Celina topatuko duenean. Elkarketa horren ondorioz, Magallanesek Celina laguntzea erabakiko du, eta plan arriskutsu bat prestatuko dute emakumeak behar duen dirua eskuratzeko. Beharbada, lotuta duen iraganetik askatzeko modu bakarra da Magallanesentzat.

Alice Through the Looking Glass

Mia Wasikowska Aliziaren azalean sartuko da bigarrenez, kasu honetan, Mirarien Mundura itzuli eta Kapelagile Eroa salbatzeko. Tim Burtonek 2010ean aurkeztu zuen filmaren bigarren atala James Bobinek zuzendu du, Burton ekoizle dela, eta Johnny Depp, Helena Bonham Carter, Anne Hathaway, Sacha Baron Cohen, Michael Sheen zein Alan Rickman aktore ezagunekin lan egin du, lehen atal hartan bezalaxe.

Médicin de campagne

2014an Hipócrates drama aurkeztu zuen Thomas Liltik gertutik ezagutzen duen medikuntzaren alorra landu du bigarrenez Médecin de campagne draman. Ospitale batetik, baina, landa-eremura egingo du jauzi oraingoan. Jean-Pierre sendagileak inguruko bizilagunak artatzen ditu gau eta egun, atsedenik hartu gabe. Baina Jean-Pierre gaixo dago, eta Nathalie medikua bidaliko dute berari laguntzera. Emakumearen etorrera gogorra izango da Jean-Pierrentzat, ordezkatu ezina zela uste zuen sendagile nekaezinarentzat.

El hombre que quiso ser Segundo

Ramón Alós animaziogileak Segundo de Chomón espainiar zuzendari aitzindariaren bizitza bereziari buruzko dokumentala osatu du. Animazioa eta zinema mutua lantzen lehena izan zen Espainian, eta garai hartan berritzaileak ziren teknika ugari (maketen erabilera, travellinga, kolorea…) baliatu zituen bere filmak osatzeko. Dokumentalak, gainera, Primo de Chomón anaia bikiarekin zuen harremana erakutsiko du.

El país del miedo

Iazko Malagako zinemaldian aurkeztu zuen Francisco Espadak nerabezaroari eta eskola-jazarpenari buruzko drama. Carlosen bizitza erabat aldatuko da Marta izeneko 13 urteko neskatoa seme Pablori eta berari estortsioa egiten hasiko denean. Defendatu ezinik, egoera gogor horretatik irteteko ustekabeko modua topatuko du.

Proyecto USA

Lau lagun, auto bat eta 10.000 kilometro. AEBak New Yorketik Los Angelesera zeharkatuko dituzten lau lagunen ibilaldia kontatuko du Miguel Herrero Herreroren dokumentalak.