Euskara hutsezko Euskaldunon Egunkaria sortu zela 25 urte bete ziren iaz, abenduaren 6an, eta urteurrena aprobetxatuta, egunkariaren sorrerari buruzko dokumentala osatu zuen Hamaika Telebistak, Eriz Zapirainen zuzendaritzapean. Durangoko Azokan eskaini zuten orduan, eta larunbatean, maiatzak 28, Bartzelonako DocsBarcelona jaialdian estreinatuko dute.
1990eko abenduaren 6an kaleratu zuen lehen alea Euskaldunon Egunkariak. Euskarazko egunkaria zen, XX. mende amaieran euskaraz argitaratzen zen egunkari bakarra, eta 1937an zazpi hilabetez martxan izan zen Eguna egunkaria zuen aurrekari bakar. 2003an, Espainiako Audientzia Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz, itxi egin zuten, ETAren tresna izatea egotzita, eta zuzendaritzako hamar kide atxilotu zituzten. Baita torturatu ere. Zazpi urte geroago, akusatu guztiak absolbituak izan ziren. Baina egunkaria itxita zegoen, kaltea eginda.
Gaur irekiko ditu ateak dokumentala, ordea, Euskaldunon Egunkariaren sortze prozesuari buruzko lana da. Garai “pozgarri eta itxaropentsua” sorreran parte hartu zutenen testigantzen bidez ezagutzeko aukera eskainiko du dokumentalak, artxiboko irudien laguntzaz.
Emanaldiak
Lana Durangoko Azokaren 50. Edizioan eskaini zuten, Irudienean, baina aste honetan bertan, larunbatean, DocsBarcelona dokumentalen jaialdian eskainiko dute.
Ondorengo asteetan, halaber, Euskal Herrian barrena egingo du bira:
- Ekainaren 2an, osteguna, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, 19:00etan
- Ekainaren 3an, ostirala, Gernikako Astran, 18:30ean
- Ekainaren 6an, astelehena, Bilboko Kafe Antzokian eta Donostiako Kutxa Andia aretoan, 19:00etan
- Ekainaren 9an, osteguna, Iruñeko Katakraken, 19:00etan
- Ekainaren 17an, ostirala, Urruñako Itsasmendi zine aretoan, 20:30ean