Eusko Jaurlaritzaren gidoien garapenerako laguntzak jaso dituzten proiektuak ekoizleen aurrean aurkezteko foroa da EHGEP Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak eta IBAIA Ikus-entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak antolatzen duten Gidoi Ingurua saioa, eta aurtengo edizioa ekainaren 21ean, asteartea, egingo dute Zuatzuko PIA eraikinean, 10:00etatik aurrera.

Gidoi bat garatzea ez ezik, hura ezagutarazi eta proiektua gauzatuko duen ekoizlearengana helaraztea ere zaila da egun gidoilari gehienentzat. Horregatik, gidoien garapenerako laguntza jaso duten gidoilariei prozesua errazteko, Gidoi Ingurua izeneko foroa antolatzen hasi ziren orain bost urte EHGEP eta IBAIA. Euskal Herriko ekoizleek proiektuaren aurkezpena entzun eta galderak egiteko tartea izaten dute bertan.

Gidoi-Ingurua-Zinea.eus-Florian-Klauer

Aurten, orotara, bederatzi proiektu aurkeztuko dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz. Gidoigileak bi kategoriatan banatu dituzte: 30 urtez azpikoak (gazteria sailean), eta 30 urte baino gehiagokoak (senior sailean). Ondorengoak dira bederatzi proiektuak:

  • Haitzetatik haratago – Uxue Arzelus
  • Control Z – Iban del Campo
  • Zer diozu? – Lutxo Egia Del Río
  • Odol taupadak – Ignacio Gaztaka
  • Resilience Bar – Miguel Gómez-Tejedor
  • El último de los vascos – Juan Ibarrondo
  • Ez gara hemengoak – Ander Iriarte
  • Holandes Herraria – Josu Martínez
  • Un viaje en el tiempo – Ana Serna

Saioa 10:00etan hasiko da, eta aurkezpenen ostean, Irune Gurtubai ekoizleak, Luis Marias gidoilariak eta Paul Urkijo gidoilariak Diruz-lagundutako gidoia: idazketatik ekoizpenera izeneko mahai-inguruan hartuko dute parte Asier Guerricaechebarria EHGEPko presidentearekin eta Joxe Portela IBAIAko presidentearekin.

Bertan izateko, aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da.