Duela 20 urte pantailaratu zen Trainspotting lehenengoz, eta aurten lantalde berberak segizioa eman dio Trainspotting 2 filmatuz —behin-behineko izenburua da—. Estreinaldia 2017ko urtarrilerako iragarri dute. Hortaz, zaleok Renton, Begbie, Sick Boy eta Spud-en petralkeriez gozatu ahal izango dugu atzera ere.

Zinea.eus-Trainspotting-2

Gogoratzen naiz estreinatu zenean kritikari gehienek film erdipurdikotzat jo zutela, ikusle askoren onespena izan arren, ni tartean. Horretan zerikusirik izango zuten kritikari askoren aurreiritziek gazteen pelikulatzat jo daitezkeen filmen aurrean. Beharbada, gaiaren likitsak ere ez zuen lagunduko. Hala ere, denboraren joanak ederretsi egin du pelikula hau (beste batzuk ez bezala).

Ewan McGregorrek esana du aktoreei hagitz gidoi ona aurkeztu zietelako (John Hodgerena, lehendabizikoarena bezalaxe) eman ziotela denek baiezkoa bigarren zatia egiteari. Sinetsi egin nahi diot. Bigarren zati hau Danny Boylek berak zuzendu du Irvine Welshen Porno eleberria oinarri hartuta, nahiz eta askatasun handiz egokitu omen duen. Boyle aspaldiko partez ari zen proiektu honi heltzekotan. Aipatu behar da drogek toki txikiagoa izango dutela bigarren atal honetan. Izan ere, drogoso hauek helduentzako filmen negozioan murgilduko dira; eta Sick Boy, esaterako, crackari guztiz emanda, film pornografikoen azpimunduan egingo du zanga bete-betean.

Zinea.eus-Trainspotting-3

Gaia narrasa izan arren, droga-erabiltzaileen azpigeneroak hainbat film gomutagarri utzi dizkigu. High Fidelityko Edward Nortoni omenaldi eginez, hona nire 10 pelikula gurenen zerrenda (orain arte) sekretua. Mesedez, eman zuek ere zeuena:

1. Drugstore Cowboy. Posturik gorenean, Gus Van Santek (industriaren barruan) zuzendutako lehendabiziko filma. 70eko hamarkadan Matt Dillonek eta haren hiru lagunkideek farmaziak eta laborategiak lapurtuko dituzte Portlanden. James Fogelen eleberrian oinarrituta —irakurri haren biografia, eta estonatuko zarete gero!—. Pertsonaia erabat gogoangarriak ditu, eta aktore guztiek inoizko interpretaziorik onenak egin dituzte. William Burroughs mitikoak paper txiki ahaztezin bat jokatuko du. Ikus ezazue farmazia honetan egingo duten lapurreta (ustez) perfektua, merezi du-eta:

2. Requiem for a dream. Film izugarri latza eta, seguruenik, Darrel Aronofsky-ren onena. Infernurako bidaia espres honek, besteak beste, efektuen erabilera maisua du.

3. Scarface. Tony Montana (Al Pacino) “errefuxiatu” kubatarraren bizitza endekatuaren kronika Miamin. Brian de Palmak zuzendua. Drogaren inguruko pelikula bat baino askoz gehiago.

4. Dead ringers.  David Cronenberg handiaren lan gogorrenetakoa. Drogak helmugatzat dituen eromenerako bidaia bat. Samina eta bikaina.

5. Christiane F. David Bowiek deiadar egiten zituen egun bateko heroiak, 70eko hamarkadako Berlinen. Ikusgarria, gordina eta sinesgarria oso. Azpigeneroari orpoz orpo lotzen direnen artean, nire maiteenetako bat.

6. Ciudad de Dios. Umemoko batzuk droga eta krimenaren anabasan sartuko dira behin eta betiko Rio de Janeiroko txabola-auzuneetan. 60-80ko hamarraldietako favelen kronika lakarra, besteak beste, bertako bizilagunek antzeztua.

7. Trainspotting. Esan bezala, 90eko hamarkadako gazte batzuk protagonista dituen filma, Eskozian eta Londresen girotua. Dagoeneko, kultuzko filma bihurtu da. Honako sekuentzia hau gogoangarria da era berezi batean euskaldunontzat, azpian gurekin dagoen parekotasunagatik:

8. Thirteen. Catherine Hardwickeren estreinako pelikulak kontatuko digu zelan, oharkabean, hamahiru urteko nerabetxoak drogaren zurrunbiloan barneratu daitezkeen. Sundancen saritu zuten. Txundigarria.

9. Factory girl. Besteak beste, Velvet Undergrounden Femme fatale, nahiz Dylanen Just like a woman abesti ospetsuak inspiratu zituen super izarra ez zen gai izan New Yorkeko asfaltoko arratoien artean bizirauteko. Factoryren mitomanoentzat, ezinbestekoa.

10. The man with the golden arm. Frank Sinatrak protagonizatua, eta Otto Premingerrek zuzendua. Bateria jole bat zaldiari kakotuko zaio 50eko hamarkadan. Drogamenpekotasunaren demokratizazioaren hastapenak. Zerrendako zaharrena.

10 pelikula hauek ikusita, seguru asko, drogak erabiltzeko gogoa apalduko zaizue, kar, kar, kar. Hala eta guztiz ere, ez dut amaitu nahi El Pico II aipatu gabe, euskalduntzat jo daitezkeen filmen artean, nire iritziz, onena da-eta. Orain zuon txanda da, nahi baduzue osa ezazue zerrenda hau.