Donostiako Banda Bat kolektiboak eta Errenteriako Mikelazulo Kultur Elkarteak elkarlanean antolatutako Lupa dokumentalen mostraren 9. edizioa ekainaren 2tik 5era egingo dute. Ez fikziozko askotariko eskaintza eklektiko eta ausarta izango da ikusgai Mikelazulon eta Donostiako Guardetxean.
14 dokumental, luze zein labur, izango dira ikusgai datorren ostegunetik igandera Donostia eta Errenterian egingo duten Lupa dokumentalen mostran. Baina ikus-entzunezko emanaldiez gain, ez-fikziozko generoaren banaketa eta zabalkundea aztertzeko mahai-ingurua ere egingo dute larunbatean, ekainak 4, 10:30ean Mikelazulon, eta ostean, garapen bidean diren bi proiektu aurkeztuko dituzte.
Ikus-entzunezko egitaraua, dena den, ostegunean, ekainak 2, abiatuko dute Mikelazulon, 19:00etan. Bertan Javi Julioren El taekwondo de la resistencia, Ander Parodyren Dena ez dabil ondo, Jesus M. Palacios eta Iñigo Jiménezen Ur artean, Iñigo Salaberriaren Luz a la deriva, eta Bertha Gaztelumendi eta Nuria Casalen Las buenas compañías film labur euskaldunak izango dira ikusgai, denak saio bakarrean.
Ostiralean, halaber, Elia Urquizaren Next dokumental luzea emango dute Donostiako Guardetxean.
Larunbat arratsaldean, bestetik, Hernán Talaveraren Cuatro postales a Marta eta Antonio Labajoren Intimidad eskainiko dituzte Mikelazulon 18:00etatik aurrera, eta Donostian bigarren saio bat egingo dute, María Pérezen Malpartida Fluxus Village lan bereziarekin, 20:00etatik aurrera.
Jaialdia isteko, halaber, Los Ingrávidos kolektiboaren Triptico B, Sergio Fernándezen Materia Prima, eta Andrés Alonso, Catarina Brites, Alejandro Cabrera, Lara Curto eta Damián Depetrisen Campanya laburrak emango dituzte 18:00etatik aurrera Guardetxean, eta 20:00etan azken saioa egingo dute leku berean, Irene M. Borregoren Muebles Aldeguer lehenik, eta Declinación Magnética kolektiboaren Margen de error lanekin.
Mostrari buruzko informazio osagarria.