Bihotzeko baten ostean, dagokion pentsioa kobratzeko labirinto burokratiko batean aurrera egin beharko duen Daniel Blake zurginaren istorio xume eta zirraragarriak jaso du Cannesko jaialdiko sari nagusia. Epaimahaiaren Sari Nagusia, ostera, Xavier Dolan 27 urteko zuzendari kanadar gaztearentzat izan da, Juste la fin du monde lanagatik.

Bart gauean banatu dituzte Cannesko zinema jaialdiaren 69. edizioko sariak, eta egungo gatazka sozial, ekonomiko eta politikoak lantzen dituzten filmen alde egin du beste behin ere munduko zinema jaialdi garrantzitsuenak. Hala, ahulenak zigortzen dituen, eta gainera, errudun sentiarazten dituen XXI. mendeko sistema ustelaren aurkako I, Daniel Blake filmagatik Urrezko Palmorria eskuratu du 79 urteko Ken Loach zuzendari britainiarrak. 2006an The Wind that Shakes the Barley drama belikoarekin jaso zuen sari berbera, halaber. “Beste mundu bat posible da”, aldarrikatu du zuzendariak saria jasotzerako unean.

https://youtu.be/aLEPQ9FYU0U

Epaimahairen sari nagusia, ostera, Xavier Dolan zinegile kanadarrak eskuratu du. Juste la fin du monde lanean egungo familien tentsioak azaleratu nahi izan ditu Marion Cotillard, Vincent Cassel, Lea Seydoux, Gaspard Ulliel eta Nathalie Baye goi mailako aktoreen laguntzaz. Orain bi urte, hain zuzen, sari bera eskuratu zuen Mommy bikainagatik.

Ondorengoak izan dira gainerako saridunak:

  • Zuzendari onenaren sariak: Cristian Mungiu (Bacalaureat) eta Olivier Assayas (Personal shopper)
  • Epaimahaiaren saria: American Honey (Andrea Arnold)
  • Gidoi onenaren saria: Asghar Farhadi (The Salesman)
  • Emakumezko aktore onenaren saria: Jaclyn Jose (Ma’Rose, Brillante Mendoza)
  • Gizonezko aktore onenaren saria: Shahab Hosseini (Forushande, Aghar Farhadi)
  • Opera Prima onenaren saria: Divines (Houda Benyamina)
  • Film labur onenaren Urrezko Palmorria: Timecode (Juanjo Giménez)
  • Urrezko Kamera, debut onenari: Divines (Houda Benyamina)
  • Sail ofizialeko FIPRESCI saria: Toni Erdmann (Maren Ade)