Joannes Jauregi: ‘Gure Sor Lekuaren bila’

Zuzendaria: Josu Martinez

Urtea: 2015

Herrialdea: Euskal Herria

Ez zuen premisa kaxkarra iaz Josu Martinezek Donostiako Zinemaldira ekarri zigun filmak: Gure Sor Lekuaren bilaketa, hain zuzen. Zine aretoan filmaz ezer jakin gabe eseri ginenontzat esanahi sakona izango zuen ziur aski; punttu exotikoren bat ere bai, “sorleku” hitza bitan zatituta ikusita… Mesfidantza eta jakin-mina, biak nahasita.

Hortaz, ez nintzen gutxi harritu ikustean Gure Sor Lekua, Martinezen pelikulan behintzat, beste film bat zela: euskarazko lehen filma, hain zuzen ere, ordura arte euskarazko lehen pelikulatzat hartutako Ama Lur baino 10 urte lehenago errodatua. Ez zen, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula Josu Martinezek bilatu nahi zuena.

Eta, ohartzerako, filmaren erritmo bizian guztiz harrapatuta geratu nintzen. Martinezek berak ematen digu bere bilaketaren berri, eta umorez eta oso era atseginean kontatzen dizkigu film galdua aurkitzeko egin zituen peskizak eta bidaiak, atzera eta aurrera, Andre Madre zuzendari misteriotsuaren itzalaren atzetik. Filmak ederki asmatzen du ikuslearen jakin-mina azken muturreraino eraman eta bertan mantentzen; esango nuke ikusleak ia-ia bat egiten duela Josuren obsesioarekin, bere gorabeherak bere azalean biziko bagenitu bezala. Musikak ere garrantzi handia du, primeran islatzen baitu filmaren izaera jostari eta umoretsua.

Hala ere, ikuslea azken muturreraino harrapatzea meritu kaxkarra ez den arren, nire ustez ez da dokumentalaren alderik arrakastatsuena. Izan ere, filmaren erritmo bizia emeki-emeki urtzen da bukaeran, amaierara arte atxiki ordez. Eta ez filmaren kalterako, amaiera ustekabeko bezain hunkigarri batek merezi duen erritmoa lortzeko baizik. Hori da film koxkor honen arrakastarik

handiena: ikuslearen jakin-mina piztu, kitzikatu eta mantentzea lortzen du, eta gero borborka dagoen grina guzti hori sentimentaltasun indartsu batean urtzen du. Zoragarria.

Bukatzeko, izenburuaren kutsu filosofikoa inori erakargarria iruditzen bazaio, hasieran niri bezala, ez dadila uxatu, badago eta zer pentsatua ematen duen unerik. Gure Sor Lekuaren bila benetan baita gure sorlekuaren bilaketa, eta, niri behintzat, gure nortasunaren bilaketaren parodia aparta iruditu zait. Hitz gutxitan: gozatzeko filma, hunkitzeko, eta, nahi duenarentzat, gogoetarako akuilu.