Zarauzko I Love Rock kultura elkarteak antolatzen duen musika dokumentalei buruzko Rockumentalak! jaialdiak 9. edizioa izango du aurtengoa. Maiatzaren 26an hasi eta ekainaren 17ra luzatuko da, eta besteak beste, Elvis Presley, David Bowie eta Nina Simone izarrei buruzko lanak izango dira ikusgai.
Musikari buruzko dokumentalez eta kontzertuez osaturiko Zarauzko jaialdia Mark Lanegan musikari estatubatuarraren emanaldiarekin hasiko maiatzaren 26an. 90eko hamarkadako grunge estiloko Screaming Trees taldeko buru ohiak Phantom Radio lan berria aurkeztuko du Zarautzen. Egun berean, Laneganekin batera, Duke Garwood eta Arrutiko Intxaurrak ere ariko dira Modelo aretoan.
Musika-dokumentalen zikloari dagokionez, sei film pantailaratuko dituzte. Emanaldi gehienetan, gainera, kontzertuak ere izango dira.
Egitaraua:
- Maiatzak 26, osteguna: Arratsaldeko 20:00etatik aurrera Mark Lanegan, Duke Garwood eta Arrutiko Intxaurrak taldeen kontzertuak.
- Maiatzak 27, ostirala: Gaueko 22:00etatik aurrera Zertarako amestu (Ibon A. Totorika, 2007) dokumentala, Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuk aurkeztuta. Ondoren, Berri Txarrak taldearen kontzertu akustikoa.
- Ekainak 3, ostirala: Gaueko 22:00etatik aurrera, Elvis: That’s the way it is (Denis Sanders, 1970) dokumentala Santiago Delgado y Los Runaway Lovers taldeko Carlos Beltranek aurkeztuta. Ondoren, taldearen kontzertua.
- Ekainak 4, larunbata: Arratsaldeko 18:00etan Labyrinth-Dentro del laberinto (Jim Henson, 1986) filma, David Bowieren omenez.
- Ekainak 10, ostirala: Gaueko 22:00etatik aurrera The Brian Jonestown Massacre talde estatubatuarrari buruzko DIG! (Ondi Timoner, 2004) dokumentalaren emanaldia Josetxo Rio Rojok aurkeztuta. Jarraian, The Lookers taldearen kontzertua.
- Ekainak 17, ostirala: Arratsaldeko 19:30ean The amazing Nina Simone (Jeff L. Lieberman, 2015) dokumentala, eta gaueko 22:00etan Janis: Little girl blue (Amy Berg, 2015) dokumentala, biak Pilar Lopez Agirrek aurkeztuta. Amaitzeko, Amaia Gabilondoren kontzertua.
Dagoeneko bonu guztiak agortu dira, baina emanaldi bakoitzaren aurretik sarrerak leihatilan egongo dira salgai. Inaugurazio kontzertuak 7 euro balioko ditu; ostera, gainerako saioak (dokumentala eta ondorengo kontzertua) 5 euroan egongo dira salgai. Emanaldi guztiak Modelo Aretoan izango dira.