Zuzendariak: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga

Urtea: 2014

Herrialdea: Euskal Herria

2016an bagaude ere, euskara hutsean egindako filmak esku bateko hatzekin konta ditzakegu. Gutxi dira oraindik, baina  gezurra dirudien arren, euskal zinemaren eta batez ere euskara hutsean eginiko zinemaren berpizkunde baten aurrean aurkitzen gara.

Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, 2014) berpiztearen erakusgarri nagusia dela esan dezakegu. Hare gehiago, zabalkundeari bultzada handia eman dion filma ere bada. Bide honi Aupa Etxebestek (Asier Altuna eta Telmo esnal, 2005) eta jarraian Kutsidazu bidea Ixabelek (Mireia Gabilondo eta Fernando Bernués, 2006) ekin zioten. Benetan lan handia egin duena Moriarti ekoiztetxea izan da, bere lan finari esker euskal zinemaren oihartzuna ozenagoa egin baita; besteak beste, 80 egunean (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, 2010) eta aipaturiko Loreak luzemetraiak ekoizten. Hori gutxi balitz, orain bertan ere martxan dute Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi, d.g.) pelikula, men egingo diona aurretik esandako guztiari.

Zuzendari bikote honen aurreko lanean bezalaxe (80 egunean), ingurune hurbileko kezkez mintzo da Loreak. Ezkutatutako sentimenduak, bakardadea, hutsunea, inkomunikazioa; loreak. Honengatik, pertsonaien kezkak erabat identifikagarriak egiten dira edozeinen egunerokoan, guk geuk haiek pairatzen dutena sentituz.

Mirestekoa da zuzendariek ikuslea ulertzeko duten gaitasuna, metaforaz beteriko istorioa baita, gauzak birritan pentsaraztea eragiten duena, baina erraz ulertzeko kontakizun baten esentzia gordetzen du bere baitan. Gainera, gehiegikeriarik gabe eta esaten denari baino, ezkutuan geratzen diren mezuei garrantzia ematen, benetan liluragarria eta erakargarria suertatzen den istorio bat dugu. Sinpletasun batetik abiatzen dira: loreak. Baina lore horiek ez dira soilik lore. Istorioan zehar, pertsonaien beldur eta desioekin batera ahazten doaz, denbora pasa ahala beren edertasuna ere loratzen dijoalarik. Hain dira miresgarriak non pertsona ezberdinengan sentimendu erabat kontrajarriak sortzea lortzen duten.

“Zauria irekita mantendu beharra dago loreak ura xurga dezan bizirik irauteko”. Hori izango litzake filmak daraman ezkutuko mezua. Zauria ez baita mina, gorrotoa; memoria baizik. “Hildakoak hilda daude. Bai, batez ere haietaz ahaztutzen garenean”. Honek guztiak euskal gizarteak pairatzen duen egungo egoera politiko eta sozialari erreparatzen al dio? Elegantzia eta umiltasun bikainarekin gauzatzea lortzen dute zinegileek eztabaida politikoetan sartu gabe. Istorioan aldaketa arrotzik gabe, naturaltasun guztiarekin iristea lortzen dute ikuslearen begietara, bertako pertsonaia guztiekin identifikatua sentiaraziz.

Adierazgarria da ere Javier Agirre argazki zuzendariak, Moriartitarren esanetan erabilitako plano eta argiztapena. Planoak, kasu, ezberdinak dira pertsonaiaren arabera; batzuk itxiagoak dira pertsonaiaren izaerarekin bat etorriaz. Argiztapena ere berezia da momentu batzuetan, argiztatzeaz gain, pertsonaiaren barne sentimendua adierazteko gai delako.

Laburbilduz, horrelako “txikikeriak” dira Loreak pelikula handienen mailara igotzea eraman dutena. Loreek lehen inpresioan xume eta arruntak dirudite, baina barruan gordetzen dituzten mezuek izugarritasuna ematen diote, benetan filmak duen handitasunaren isla izanik. Horretan datza, beraz, zine europar minimalista baten eragina duen film honen aberastasunak. Beraz, ez dira lore hutsak, soilak, baizik eta euskal zinemaren usaina mundura zabaltzea lortu duten Loreak.