Zuzendaria: Alfonso Ungría

Urtea: 1986

Herrialdea: Euskal Herria

Esan dezadan argi: distantzia itzela dago Ramon Saizarbitoriak idatzi eta 1976an argitaratutako Ehun metro eleberriaren eta handik hamarkada batera Alfonso Ungríak zuzendutako zinerako egokitzapenaren artean. Eta aitor dezadan ere, begi bistakoa esatea dela hori; pellokeria hutsa, akaso. Baina ezin dut esan gabe utzi. Izan ere, Saizarbitoriaren lana mugarri izan zen euskal literatura modernoan, erabat berritzailea formalki, eta beste horrenbeste eska zeniezaiokezu zuk, ikusle zorrotz horrek, luzemetrailari. Bada, ezeren aurretik, esango nizuke emaitza ez dela parekoa, baina konparaketatan behar baino gehiago tematu gabe, filmak baduela bere horretan azpimarra non jarri.

ETAkide baten hilketa da kontakizunaren ardatza, edo zehatzago, hilketaren aurretik, poliziarengandik ihesean egindako azken 100 metroak. Sekuentzia hori beste hainbatekin tartekatzen da, eta anakronikoki erakusten zaizkigu protagonista haurra zela bizitakoak, emakume batekin izandako harremana, poliziaren itaunketa bat, beste ihesaldi bat, turismo gida bateko pasarteak, biharamuneko egunkarietako titularrak eta herritarren arteko esamesak.

Zatikatze horrek joko handia ematen dio kontaketari, pasarte horietako bakoitzak ahots narratibo ezberdina baitu, eta gertaera ikuspuntu ezberdinetatik kokatzen baitu testuinguruan. Pasarteen berezkotasun hori indartu egiten da, gainera, eleberriaren arrasto argia duten espresio-bideei esker: batzuetan dialogoa da ardatza, beste batzuetan deskribapena, eta narrazioak ere badu bere pisua, batik bat, egunkarietatik eta turismo gidatik jasotako aipuetan.

Pasarteotan euskara eta gaztelera tartekatu izana erantsi behar zaie ezberdintasun horiei. Errealitatea era zehatzagoan erretratatzen laguntzen du, baina konnotazio gehiago ere izan litzakeen hautua da: “gure” eta “haien” arteko bereizketa eta aurkakotasuna ere iradokitzen du. Protagonistek euskaraz egiten dute, eta hori esplizituki nabarmentzen da tabernako eszenan: “Hi, euskaldunak dituk”. Aurrez-aurre dituzten “haiek”, berriz, polizia, lekuko, herritar, gida eta egunkariek, gazteleraz egiten dute. Tentsio argia dago, beraz, ahots narratiboen artean, gatazka politikoak jendartean eragindako tentsioaren isla.

Izan ere, berezitasun formaletatik harago, garaiko giroa maisuki islatzen jakin izana da pelikularen bertute nagusia. Kontatzen zaiguna ez dago gertaera erreal batean oinarrituta, ez da inoiz gertatu, baina gerta liteke. Hainbat egi biltzen ditu.