Shan he gu ren (Mountains May Depart)
Txinatik datorkigu Jia Zhangke zinegilearen drama berria. 1999ko Txinan girotuta dago, eta haurrak zirenetik Tao maite duten Zang eta Liang lagunen istorioa kontatuko digu. Zang gasolindegi baten jabea da eta etorkizun oparoa du aurretik; Liangek, aldiz, ikatz-meatze batean egiten du lan. Taoren bihotza erdibituta egongo da, baina bere eta familiaren etorkizuna babestu aldera, erabaki gogor bat hartu beharko du. Filma Canneseko zinemaldiko sail ofizialean lehiatu ostean heldu zen iaz Donostiara, eta film europar onenaren saria jaso zuen.
A Royal Night Out
1945eko maiatzaren 8an, II. Mundu Gerraren amaiera eta Europaren garaipena ospatuko dute Londresen, Europa osoan bezalaxe. Ingalaterrako Margarita printzesa eta bere ahizpa Isabel jauregi kanpoko ospakizunera gehitzeko desiratzen daude, eta gurasoak konbentzitu ostean, ezezagun moduan irteteko aukera izango dute. Zirraraz, maitasunez eta arriskuz beteriko gaua abiatuko dute orduan. Komedia generora ekarrita landu du Julian Jarroldek britainiarren artean oso ezaguna den istorioa.
Les saisons
Ozeanoak eta hegazti migratzaileak gertutik ezagutu ostean, Europako zenbait txoko paregabe eta gizakiaren eta animalien arteko lotura sendoa erakutsiko dizkigute orain Jacques Perrin eta Jacques Cluzaud zuzendari frantziarrek. Naturaren inguruan egindako epopeia sentikor eta originala.
X-Men: Apocalypse
Bryan Singer estatubatuarrak zuzendu du Marvel etxeko mutanteen film berria. Duela hamar urte Days of Future Past fimean gertatutakoaren ondoren, Magneto (Michael Fassbender), Mística (Jennifer Lawrence) eta Charles Xavier (James McAvoy) superheroien bideak banandu egin dira. Orain, baina, indarrak batu beharko dituzte mila urtez lo egon ostean esnatu den Apocalipsis (Oscar Isaac) X-Men munduko mutante eta etsairik handienari aurre egiteko.
Madame Bovary
Emma Rovault gaztea, baserritar apal baten alaba bakarra, Charles Bovary mediku alargunarekin ezkondu da. Denbora igaroko da, eta senar-emazteak bizitzarekiko lilura galduko du. Egun batean, bere ametsen atzetik joatea erabakiko du Emmak, maila sozialez igotzeko nahiak eta pasioak erabat sorginduta. Gustave Flaubertek 1856 urtean idatzitako Madame Bovary eleberrian oinarritutako filma Sophie Barthes (Cold Souols) zinegileak idatzi eta zuzendu du.
A Vingança de Uma Mulher
Rita Azevedo Gomes portugaldarrak 2012an zuzendutako filma, Barbey d´Aureville (1808-1889) frantziarraren Les Diaboliques liburuko ipuin ospetsuetako baten bertsio librea. Roberto jator eta fintzat dute batzuek; lizunkoi hutsa da, ordea, beste batzuentzat. Nolanahi ere, aspertuta bizi da, bizitzako plazer guztiak asebete dituelako. Bat-batean, neska bat ezagutu eta maitemindu egingo da, emakumearen iragana ezagutzen ez duen arren.
Espectro
Alfonso Pineda Ulloa mexikarrak idatzi eta zuzendutako 2013ko beldurrezko filma. Martak (Paz Vega) hildakoak ikusten ditu. Bortxatu egingo dute, eta gertaera gogorraren ostean, traumatizatuta geratuko da. Psikiatrikotik aterako denean, pisu berri batera joango da, eta odolez bustitako emakume baten mamua ikusten hasiko da. Hasieran kasurik egingo ez badio ere, laster ohartuko da emakumeak uste baino harreman estuagoa duela berarekin.
A Long Way Off
Jacoben bizitza oso arrunta da, eta filmetan agertzen diren pertsonaien bizitzekin amesten du. Gaztea graduatu berri da, eta negozio-gizon arrakastatsua den aitak inposatutako erlijio-etika zorrotza albo batera baztertuko du munduari bere ekarpena egiteko. Aitari oinordetza eskatu, eta etxetik alde egingo du. Hasieran gustura egongo bada ere, bere asmoak goitik behera aldatuko dira eta kontrola galduko du. Michael Davis eta John Erringtonek zuzendu dute Jon Macyk idatzitako Hijo pródigo parabolaren bertsio modernoa.
Seis y medio
Julio Fraga (Carmina y amén, La última isla) espainiarrak gidatutako tragikomedia. Gizonezko bat eta emakumezko bat maitasunaren inguruan eztabaidatzen eta filosofatzen ari dira posizio arraro batean: 6,5 metroko alturatik. Aurrez izandako maitasun esperientzia txarretatik abiatuta, ikuspegi ironiko batetik landuko dute gaia. Lotura sendorik gabeko bikotea dirudien arren, ez dira elkarrengandik banatzeko gai. Filmeko pertsonaia nagusiak Cristina Rojas eta Homero Rodríguez aktoreek antzeztu dituzte.
El rey tuerto (El rei borni)
Egunotan Malagako zinema jaialdian aurkeztu dute Marc Crehuetek idatzi eta zuzendutako filma. Lidia (Betsy Túrnez) eta Sandra (Ruth Llopis) lagunek afari bat antolatuko dute, aspaldi elkar ikusi gabe egon direlako eta haien bikotekideak aurkeztu nahi dituztelako: David (Alain Hernández) polizia, eta manifestazio batean gomazko pilota batek jo zionean begia galdu zuen Ignasi (Miki Esparbé) dokumentalgilea. Afaldu bitartean telebistan diskurtso politiko bat ikusten ari direla hasiko da ustekabekoz beteriko trama.
The Boss
Ben Falconek zuzendu du emazte Melissa McCarthy protagonistarekin batera idatzitako komedia. Michelle Darnell AEBtako emakume aberatsena izateaz gain, negozioen munduan lan egiten duen errukigabeko andrazkoa ere bada. Influentzia-trafikoagatik salatuko dute, eta espetxera bidali. Bertatik irtendakoan, hutsetik hasi beharko da berriro galdutako estatusa berreskuratzeko.