Zuzendariak: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga

Urtea: 2014

Herialdea: Euskal Herria

Pelikula ederra egin dute Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak. Zehaztasunez beteriko plano koloretsuak (luzeegiak, bai), musika hunkigarria… baina zerbait gertatzen da Loreak filmarekin. Eraginkorra eta arrakastatsua izateko osagai gehienak ditu, oinarri sendo batzuetan mantenduz, baina bere gidoia da bere oztoporik handiena. Lore sorten bitartez kontatzen diguten istorioa motela da, oso makala bakarrik ordu eta erdi irauten duen pelikula batentzat.

Labur esanda, pantailan oso gauza gutxi gertatzen dira; bertan ikusten ditugun gertaera guztiak bost minututan edo denbora gutxiagoan laburbildu daitezke. Hala ere, horrek ez du esan nahi argumentua txarra denik; ideia nagusia ona da, baina ez da ia ezer aprobetxatzen.

Baina zer kontatzen digu Loreak eta zergatik esaten dut bere ideia printzipala gaizki aprobetxatuta dagoela? Hasteko, istorioak, Ane (Nagore Aranburu) aurkezten digu, astero lore sorta misteriotsu bat jasotzen duen emakumea. Anek ez du lore horien jatorria ezagutzen, baina kointzidentzia batzuen bitartez, duela gutxi kotxe istripu baten bitartez hil den bere lankide batek, Beñatek (Josean Bengoetxea) bidaltzen zizkiola suposatuko du. Handik aurrera, Ane izango da gizonak izandako kotxe istripuaren lekuan lore sortak utziko dituena, eta halaxe jarraituko du Beñaten senideak ezagutzen dituen arte.

Beranduago ikus daitekeen bezala, ezezagunen arteko harreman pertsonaletan (Ane eta Tere (Itziar Aizpuru), Beñaten Ama, edo Ane eta Lourdes (Itziar Ituño), Beñaten emaztea) jarriko du indarra argumentuak, baina hori ez da nahikoa. Gaia askoz ere interesgarriagoa izango litzateke pertsonaia eta konexio gehiago gehituz. Zertarako atal desberdinetan zatitu narrazioa (Tarantinoren estiloan), ia pertsonaia eta garapenarik ez dituen film batean? Ez dauka zentzu handirik, egia esan.

Antzezle guztien artean, Itziar Aizpuru da interpretazio bikaina ematen duen bakarra (Feroz Sari bat lortu zuen, besteak beste); Nagore Aranbururen interpretazioa gatzgabea da oso,eta Itziar Ituñok bere esku dagoen guztia egiten du kontradikzioz beteriko pertsonaia antzezteko orduan.

Ondorioz, 2014ko Zinemaldian (62. edizioan) estreinatutako film honek, Euskal Herrian ere pelikula bikainak egin daitezkeela frogatzeko elementu gehienak ditu, baina narrazioa konplexuagoa izan beharko litzateke. Loreak ideia on batean oinarritzen da, baina aurrera eraman duten bezala ez da pelikula bat garatzeko bezalako ideia, laburmetraia bat egiteko baizik.